“Zaila da gurean kamera taldeak ikustea, are gutxiago guk egiten dugunaren modukoa, jazz edo swing doinuetakoa”

Aritz Maldonado 2019ko mai. 17a, 12:00
Argazkia: Iñaki Esteban Garitaonandia

Urte luzez musika klasikoa jo ostean, doinu askeagoak jorratzeko gogoz, Karama laukotea sortu dute Leire Rodriguezek, Markel Mardarasek, Itziar Castrillok eta Eneko Astigarragak Ameriketako Estatu Batuetako sustraietan sakontzeko helburuagaz. Charlie Parker eta Benn Goldson musikarien piezak jota disfrutatzen dute adibidez, eta artista horien musika ezagutzen ez dutenei doinu hauek hurbildu gura dizkiete, euren moduko gazte jendeari batez ere. Kontzertu bi gehiago eskainiko dituzte, oraingoz. Bata gaur, maiatzak 17, Zaldibarren, eta bestea, ekainaren 14an, Abadiñon.

Nolatan sortu zenuten taldea?
Eneko Astigarraga: Lau saxo mota daude, altua, sopranoa, baritonoa eta tenorea. Itziarrek aspalditik gura zuen laukote bat saxoekin, elkarregaz jota. Horrela egin dugu orain hiru bat urtetik hona, eta aurten saxo tenorea kendu, eta Leire batu da taldera, klarineteagaz. Horrek egiten gaitu berezi.
Leire Rodriguez: Orain arte beste talde bat egon da, baina aurten deitu egin didate.

Pasa den astean jo zenuten lehen kontzertua. Zergatik pieza horiek?
E.A.: Gu hirurok Klasikoko Erdi Mailako zikloa egitetik gatoz. Orain Jazza ikasteko aukera ere badago, baina berria da. Eta talde honen helburua, klasikoaz gainera, beste zerbait jotzea da.
Markel Mardaras: Musika garaikidea jo gura dugu, eta beste musika mota batzuk, musika klasikoaz gainera beste batzuk ere badaudela ikusi dezan jendeak. 
L.R.: Esperimentu bat ere bada. Ez dira ikusten klarineteak saxo taldeetan, eta gogotsu gaude publikoaren harrera ikusteko.
E.A.: Orokorrean, zaila da inguru hauetan kamera taldeak ikustea; are gehiago, klasikoa barik, jazz edo swing doinuak jotzen dituen kamera talde bat.

Ameriketako Estatu Batuen musika herrikoian sakontzea da taldearen helburuetako bat. Zergatik? 
M.M.: Estiloen izenetan sartu barik, Charlie Parkerrek-eta jorratzen zituzten doinuetan sakontzen dugu, sustraietara jota. 

Hortik datorkizue doinu horiekiko zaletasuna ala eskolan landutakoaren ondorioa da?
L.R.: Nik lehenengoz jo izan dut horrelako estilo batean. Entzun izan ditut inoiz, eskolako BartSax taldeari entzunda adibidez, baina nik neuk ez dut orain arte horrelako estilorik jo.
M.M.: Niretzat alderantziz izan da. Hasieran denok hasten gara klasikoagaz, baina gero Jose etorri zen, eta kontserbatorio eta jazza erakusten hasi zitzaigun. Badira urte batzuk beragaz nagoela. BartSax taldean ere estilo hau jorratzen dugu. 
E.A.: Hamaika urte daramatzagu BartSaxegaz. Big Band bat da hori, hau da, talde handi bat. 

Urte asko daramatzazue musika eskolan, beraz.
E.A.: Urte asko egin ditugu musika eskolan, eta beti jo izan dugu klasikoa. Beraz, orain doinu hauek jotzea erronka bat da guretzat. Musika ezberdina da.
L.R.: Esan bezala, esperimentu bat ere bada, eta ondo dago horrelako erronkak jartzea zeure buruari, gehiago ikasteko. 
M.M.: Nik, adibidez, Enekok eta Leirek baino askoz ere gutxiago jo dut klasikoa. Gehiago jorratu ditut estilo hauek, baina niretzat ere erronka bat da eurekin horrelako musika jotzea. 
E.A.: Gehiago jotzerakoan, azentuak eta abar askoz ere hobeto zehazten ditu.
L.R.: Erritmoak ere barneratuagoak ditu, inprobisatzeko erraztasuna du...

Zer da musikan gehien gustatzen zaizuena?
E.A.: Ni oso gustura nago honegaz.  Sekula jo ez dudan estilo bategaz nabil, gauza berriak ikasten, eta gure artean ondo konpontzen gara. Hori ere positiboa da. Formakuntza akademikoa nahiko zurruna da, baina musikarekiko zaletasuna ez dut inoiz galduko. 
M.M.: Aparte, egunerokotasunerako baliagarriak zaizkigun gauzak ikasten ari gara. Zure kabuz, zuretzat jo dezakezun gauza bat da. Musika ikasterakoan, zuretzat geratzen den zerbait da, talde bat eduki zein ez.
L.R.: Oso teknikoa da formakuntza guztia. Nik iaz amaitu nuen, eta sekulako liberazioa izan da aurtengoa (barrez)

Ez dira doinurik ohikoenak gazteen artean.
E.A.: Hemen ez dago ohiturarik horrelako kontzertuetara joateko. Beharbada, gure musika ez delako errazena. Rocka edo orain modan dagoen reggaetoia errazagoak dira entzuteko.
M.M.: Gureak ahalegin bat eskatzen du, eta suposatzen dut horregatik ez direla horrelako kontzertu batera joango hasiera batean. 
L.R.: Entzun ahala, gero eta gogokoago diren doinuak dira hauek. Ni Jam Sessionen bitartez hurbildu nintzen musika honetara, eta hortik datorkit interesa. 

Nola gonbidatuko zenituzkete gazteak zuen kontzertuetara joateko?
M.M.: Gure kontzertu bat aukera ona izan daiteke gauza berriak probatzeko.
L.R.: Musika ezberdinak entzuteak aberastu egiten gaitu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!