Hernandezek eta Muñozek errepikatu egingo dute, eta Marcosek legealdi erdian hartutako ardurari eutsiko dio -Francisco del Pinok dimititu egin zuen eraso sexista baten salaketa jaso ostean-. Francisco Fernandez galdakoztarra izango da barrutiko hautagaia batzar nagusietarako, eta hautagaien "ilusioa, indarra eta konpromisoa" nabarmendu ditu. Marian Muñozek 32 urte daramatza Iurretan zinegotzi, eta Fernandezek esan du "alderdia eta herria beragaz zorretan" daudela lan horregatik.
Ahaldun nagusi izateko hautagaia Teresa Laespada izango da, egungo enplegu diputatua dena EAJ eta PSE-EEren gobernuan. Hain zuzen, azken legealdian enplegu arloko laguntzetan Durangaldean 2 milioi euro inbertitu direla azpimarratu du. "120 enpresa sortzeko eta gazteen kontratazioa sustatzeko" izan dira laguntza horiek. Hala ere, aurrerantzean "anbizio handiagoz" lan egingo dutela dio. "Langabeziak kezkatzen gaitu. Emakumeenak, 45 urtetik gorakoenak...", esan du Laespadak.
Zornotzan pintadak
Bestalde, ETAren indarkeria sasoiak gogoan hartuta, zinegotzi sozialisten "konpromisoa" eskertu du Laespadak. "Balio demokratikoen defentsaren eredu zarete", adierazi die.
Gaur gauez Zornotzako eta Galdakaoko egoitzetan pintadak agertu direla salatu dute Laespadak eta Fernandezek.