Jesica Ruizen hautagaitza jendaurrean aurkeztu du PSE-EEk, Durangoko alkatetzarako

Markel Onaindia 2018ko aza. 28a, 18:49

Ahaldun nagusi izateko hautagai Teresa Laespadagaz batera aurkeztu da Ruiz, Durangoko Elkartegian eginiko ekitaldian, 50 bat lagunen aurrean. Maiatzaren 26an izango dira udal eta foru hauteskundeak, eta Ruizenagaz Durangoko alkatetzarako zerrendaburu bi dira publiko jadanik, Mireia Elkoroiriberen EAJkoari gehituta.

Sozialisten proiektura batzeko deia egin die Ruizek durangarrei. "Aldaketa garaia da. Gobernatzen dakien ezkerraren garaia da", esan du. Hala ere, azken lau urteetan bere alderdiak udaleko gobernu taldean eginiko lana balioan ipini du. Genero ikuspegiko politiketan "erreferentzia" izatea eta langabezia tasa hiru urtean hiru puntu bajatzea ipini ditu adibide lez. Aurrera begira, Ruizek esan du herriko auzoak eraberritzea izango dela euren apustuetako bat, eta gazteentzat alokairua sustatuko dutela ere bai, besteak beste.

Teresa Laespadaren esanetan, Eusko Jaurlaritzan dituzten karguek erakusten dute PSE-EE gai dela gobernatzeko. "Zatitzen duen abertzaletasunaren aurrean, ezker zentzuduna gara", esan du alderdiko berdintasun, gizarte mugimendu eta aniztasunaren idazkari ere badenak.  Espainiako gobernu sozialista ere goraipatu du Laespadak. "Sei hile dira Rajoyk gobernatzeari utzi zionetik, eta Espainiako politikak bira itzela eman du. Gauzak posible dira, ahalegina jartzen badugu". 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!