Zerk bultzatu zaitu alkategai izateko erabakia hartzera?
Azken urteetan gure alderdian mugimendu ugari egon dira. Gaur egun Pilar Rios da gure irudia, eta urte asko daramatzanez udalean, irudia berriztu behar genuela ondorioztatu genuen. Orduan, barne mailan, ni alkategai aurkezteko esaten hasi zitzaidan jendea. Hasiera batean, beldurra sentitu nuen; izan ere, politika gustatzen zait, baina nire lana beste bat da. Azkenean, ondo pentsatu eta aurrera egin nuen. Motibatuta nago, eta uste dut ezin dela bestela izan.
Orain lau urte zinegotzi bat galdu zuen PSE-EEk. Bi lortu zituen. Zer emaitza espero duzue oraingoan?
Inkestek zinegotzi bi ematen dizkigute, eta bi edo hiru espero ditugu. Ez dakigu ezer ofizialik, baina Durangon VOX aurkeztu daitekeela entzun dugu eta, horrela bada, gure esperantza da PPren botoa zatitzea eta biak kanpoan geratzea, guk irabaziko genukeen zinegotzi baten mesedetan. Bestalde, Espainiako hauteskundeak ondo badoazkigu, guretzat ere ona izango dela uste dugu.
Amaitzear den legealdian, EAJgaz batera udal gobernuan egon da PSE-EE. Hauteskundeetako emaitzen arabera, gobernua osatzeko akordio horri eusteko asmoa duzue?
Lehenengo, emaitzak ikusi beharko ditugu. Ni ez nintzateke oso eroso egongo akordio itxi eta zehatz bategaz, baina gauza puntualetan, bai. Ez nabil soilik EAJri buruz. Guk ez dugu inolako arazorik akordioen inguruan edozeinekin jesarri eta berba egiteko, VOXegaz salbu. Gobernu bat beharrezkoa da, eta gobernatzea espero dugu.
Zer proiektu dituzue lehentasunen artean datorren legealdirako?
Alde batetik, Durangon industria aldetik zerbait egin daitekeela uste dugu. Durango zerbitzu herri bat da eta horri eutsi behar diogu, baina gero eta lantegi gutxiago daudela ikusten dugu. Eguzkitzan erabilera industrialerako lurzoru bat sailkatuta dago, eta Urki-Hegoalde saihesbidea bertatik pasatuko da. Proiektu berritzaileak dituzten gazteei laguntza eman behar diegu udaletik. Gainera, udalean gazteentzako zerbitzuak hobetzea proposatzen dugu.
Iaz, indarkeria matxistagaz lotutako 83 kasu aztertu zituen Amankomunazgoak, eta Durangon 41 salaketa egon ziren. Zer proposamen duzue arlo garrantzitsu honetarako?
Uste dugu Durangon laguntza onak daudela. Pilar Riosek oso lan ona egin du. Emakumeak babestuta sentitzen dira eta zerbait gertatzen denean salatu egiten dute. Hala ere, erasoak daudenean, tratu pertsonala hobetu behar dugula uste dugu. Bestalde, hezkuntza da oinarria, eta hortik hasi behar dugu. Gauza askotan atzera egiten ari gara.
PSE-EEk zerrendaburu euskalduna izango du zugaz.
Euskaraldian ahobizi izan nintzen. Egunerokoan ezin izaten dut asko erabili, lagunekin noizbehinka bai. Euskara bultzatu behar dela? Noski. Ezin dut ulertu gaur egun gazte batek euskaraz ez jakitea. Euskara ezin dugu galdu.
Estazioko planaren gaia pil-pilean dago. Plana berregokitzearen alde agertu zineten zuek.
Gaur egun Durangok ez ditu behar 18 pisuko 5 etxe dorre. Gainera, erdialdean autoen trafikoa ugarituko luke. Etxe batzuk egin daitezke; kontuan izan behar dugu ETSk diru asko gastatu zuela trena lurperatzen, eta hori ona izan zela Durangorentzat. Gure ustez, eremu horretan autobus geltokia ere egin daiteke, eta zerbitzu publikoak batzeko eraikin bat ere bai. Anfiteatro bat, parkea... Hala ere, herritarrek erabakitzearen alde gaude.
Beraz, galdeketaren alde zaudete.
Bai. Baina arin egiteak ez du balio, gero atzera bota ahal dutelako. Galdeketa loteslea izan dadin, legearen bermeagaz egin behar da.
Kontsulta egin bitartean obra etetearen alde bozkatu zuen Mauricio Garcia zinegotzi sozialistak. Iritzi berekoa zara?
Obra osoa gelditzea ez dugu ondo ikusten, milaka metro karratu ezer egin barik geratuko direlako denbora luzez. Momentuz, parke bat egin dezakegu. Hori bai, etxeak eraikitzen hasterik ez dugu gura.