Orain urte bi finalean parte hartu zuen Amaia Ugalde elorriarrak, eta aurten Lekeitioko finalaurrekoa aurkeztu du. Beraz, biharkoa lasaiago biziko du. Gai-jartzaileen artean "sintonia ona" egon dela nabarmendu du. Gaiak sortu, zelan aurkeztu ulergarri izateko, ofizioen artean oreka mantendu... prestaketa lan handia egin dute.
Itxaro Juaristi abadiñarra gai-jartzaile taldeko gazteena da, 21 urtegaz. Orain urte bi udaberriko fasean ibili zen, eta aurten udazkenekoan ere egon da, lehenengoz. Gazteen freskura eman, eta esperientzia jaso du bueltan. "Esperientzia zoragarria izan da. Besteen esperientziatik asko ikasi dut". Txikitatik da bertsozalea. 17 urtegaz Bertsozale Elkarteko ikastaro batean hasi zen murgiltzen, eta "bertso mundua beste ikuspegi batetik bizitzeko modua" topatu du.