“Bataila psikologikoa gure barruan edukitzen dugu, finalera ondo heltzeko”

Aritz Maldonado 2018ko abe. 14a, 09:30

Miribillan abesteko gogoz daude Aitor Bizkarra (Abadiño, 1996), Eneko Abasolo 'Abarkas' (Iurreta, 1976) eta Miren Amuriza (Berriz, 1990). Amuriza, bere finalaurrekoa irabazita, zuzenean sailkatu zen finalera; Bizkarrak eta 'Abarkas'-ek, ostera, pazientzia eduki behar izan dute; finalaurreko bertsolari guztiek abestu arte itxaron behar izan dute, lorturiko puntuak nahikoa izan diren jakiteko. Lau emakumezkok eta lau gizonezkok aspaldiko finalik lehiatuenean abestuko dute. Txapelketaren udazkeneko fasean eskualdeko beste lau bertsolarik ere parte hartu dute: Txaber Altubek, Gorka Pagonabarragak, Garikoitz Sarriugartek eta Beñat Ugartetxeak.

Zein tenperatura hartu diozue txapelketari orain arteko ibilbidean?
Eneko Abasolo: Normalean luzetxo egiten da, baina oraingo honetan ez naiz nekatuta heldu. Egia esan, Santurtziko saioaren ostean, hiru asteko atsedenaldia hartu nuen, eta horrek on egin dit. Beraz, orain gogotsu nator. Hobeto ezin da egon.  
Aitor Bizkarra: Ez zait luze egin, hau baino laburragorik ez dudalako bizi izan aurretik. Udaberriko fasean oso gustura gelditu nintzen, baina beste fase bi geratzen ziren. Gorputza eta aldia uztartzen ahalegintzen ari naiz orain, hori asimilatzen.
Miren Amuriza: Labur egin zait eta kontzentratuta heldu naiz. Euskal Herrikorako eta Bizkaiko beste txapelketa batzuetarako, burua udatik nuen martxan. Aurten, ostera, urrian eta azaroan hasi naiz etxeko lanak egiten. Berrizko saiotik hona ere deskantsatzeko astia izan dut.
E.A.: Batzuetan gorputzari jaramon egitea ona izaten da. Inoiz, buruak egiteko esaten dizu, baina gorputzak, ostera, geratzeko. Gorputzak geratzeko esan dit aurten, burua nekatuta nuen. Eta geratu egin nintzen. Baina, beste batzuetan, beldur izaten gara geratzeko. Finalera heldu bagara, hirurok asmatu dugun seinale.

Zelan kudeatuko dituzue geratzen diren egun hauek?
A.B.: Abarkas-ek eta Mirenek nik baino bataila psikologiko handiagoa izango dute.
M.A.: Aurten abantaila bat duzu, Aitor. Zure lehen finala da.
A.B.: Bai, agian nik momenturen batean erreparo gutxiago izan dezaket ausartago jokatzeko. Baina, ez dakit.
E.A.: Bataila psikologikoa gure barruan izaten dugu, ondo heltzeko. Zu ondo heltzen bazara, eta ahal duzuna egiten baduzu, ondo irten daiteke edo ez.
A.B.: Ez da bakarrik aurreko bidea. Eguna bera ere luzea da.
E.A.: Egia da. Lehenengo zatia finalerdi bat da, baina zortzigaz. Bakarkakoan, ordenean azkenetarikoa bazara, agertoki gainean agian ordubete egon zaitezke zain eta luze joan daiteke. Kartzelako ariketa balitz, zeure burua lasaitzeko aukera eduki zenezake.  

Final orekatua izango dela diote. Zer pentsatzen duzue zuek?
E.A.: Nik uste dut aurten neska batek jantziko duela txapela.
A.B.: Mirenek jantziko duela esango nuke nik.
M.A.: Gura nuke! (barrez)

Miren, txapela jantzita ikusten duzu zeure burua?
M.A: Gezurra esango nuke txapela janztea burutik ez zaidala pasatu esango banizu. Txapela irabazten ahaleginduko naiz. Neska batek irabazten badu, horretan jarriko da azpimarra. Baina nabarmentzekoa iruditzen zait bai aurrekoan eta baita aurten ere lau eta lau garela.Laurok bultzadatxo bategaz gatoz, eta talde sentsazio bategaz.
E.A.: Neskek hiru finalerdiak irabazi dituzte. Begien bistan dago sasoi betean daudela.

Zelako giroa izango da zapatuan?
M.A.: Durangaldetik jende piloa etorriko da. Gure familiek elkar animatuko dute.
E.A.: Maite Berriozabalegaz batera, Durangaldeko lau ordezkari izango gara oholtza gainean.
A.B.: Ez dakit sarreren salmenta zelan joango den, baina beste saioetan giro itzela izan da.
E.A.: Saiatuko gara gozatzen.
M.A.: Eta gozarazten.

'Abarkas'-en azken txapelketa izan daiteke hau?
E.A.: Igorren argi nuen azken txapelketa izango zela. Baina, orain, zalantzak ditudanez, ez dut ezer esango. Santurtzin asko sufritu nuen.
A.B.: Sufritu duzu aurretik hasi behar izan zarelako. Baina, behin finalaurrekora helduta...
E.A.: Lehenengo, Getxon, "erraz egingo duzu", esaten zidaten denek. Baina, ez da erraz egiten. Agian, finalera heldu eta uztea ez da txarra. Baina, ez dakit. Hemendik urte bira ikusiko dugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!