Hori horrela, EH Bilduko legebiltzarkide eta bozeramaile den Rebeka Uberak Jaurlaritzari eskatu dio Euskal Emakumeen Biraren antolatzaileekin bil dadila eta egin beharreko gestioak egin ditzala Bizkaia Durango- Euskadi Murias eta Sopela taldeak 2018ko Euskal Emakumeen Biran egon daitezen.
Horrez gain, arrazoi desberdinengatik erabaki ulertezina eta onartezina dela adierazi dute EH Bilduko kideek. "Ulertezina da administrazio publikoak diru publikoarekin lagunduriko lehiaketa batetan bertoko taldeak ez egotea; ulertezina da berdintasunaren ikuspegitik emakume kirolariak, kirol taldeak sustatu nahi direnean...", adierazi dute prentsa ohar bidez EH Bilduko kideek.
Bestalde, EH Bilduko kideek gogoratu dute aurreko legegintzaldian eta oraingo legegintzaldi hasieran "gogor lan egin" zutela Emakumeen Bira EITBk aintzat hartu zezan eta horrela emakumeen kirol lehiaketak gizonezkoekin parekatzen joan zitezen.