Bizkaia Durango - Euskadi Muriasek ez du Emakumeen Biran lehiatzeko gonbidapenik jaso

Maialen Zuazubiskar 2018ko ots. 17a, 14:09

WWT Emakumeen XXXI.Bira-Laboral Kutxa Sari Nagusian parte-hartzeko gonbidapenik gabe gelditu da Bizkaia Durango - Euskadi Murias. 

Emakumeen Birako antolatzaileek maiatzaren 19an Legazpin hasiko den itzulian egongo diren 20 taldeen berri eman zuten, atzo. Zerrendan ikus daitekeenez, Durangaldeko taldea, Bizkaia Durango - Euskadi Murias gonbidapenik gabe gelditu da. Baita ere, Ziortza Isasi elorriarren eta Olatz Agorria zornotzarraren Sopela taldea. 

UCI mailako lasterketetan rankingeko lehen hamabost taldeek zuzeneko pasea izaten dute, hau da, ez dute gonbidapenik jaso behar lasterketa batean parte-hartzeko. Gainontzeko taldeak, berriz, gonbidapenak behar izaten dituzte lasterketetan aritzeko.

Bestalde, sare-sozialetan Emakumeen Birako antolatzaileek parte-hartze eskaera asko jaso dituztela eta emakumezkoen mundu mailako rankingean goian dauden talde gehienek lasterketan egon nahi izatea oso pozgarria dela nabarmendu dute. 

EH Bilduk, berriz, Bizkaia Durango - Euskadi Murias eta Sopela Emakumeen Biratik kanpo uztea "onartezina" dela eta jaurlaritzak gestioak egin beharko lituzkela adierazi du sare sozialetan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!