Agustin Ruiz: "Bizkaia-Durangoko eta Sopelako neskek ez dute mailarik Women World Tour mailako itzuli batean aritzeko"

Maialen Zuazubiskar 2018ko ots. 20a, 10:54

EH Bilduk prentsa ohar bidez adierazi du Jaurlaritzak gestioak egin behar dituela, premiaz, Bizkaia Durango -Euskadi Muriasek eta Sopelak Emakumeen Biran parte hartu dezaten.

Aurten UCIk Women World Tourrean sartu duen Emakumeen Bira lasterketako antolatzaileek maiatzaren 19an Legazpin hasiko den itzulian egongo diren 20 taldeen berri eman zuten, joan zen barikuan. Zerrendan ikus daitekeenez,Durangaldeko taldea, Bizkaia Durango - Euskadi Murias gonbidapenik gabe gelditu da, bertan Aroa Gorostiza elorriarra ari da. Baita ere, Ziortza Isasi elorriarren eta Olatz Agorria zornotzarraren Sopela taldea.

"Gaur egun Bizkaia Durango - Euskadi Muriasek eta Sopela taldeetako neskek ez dute mailarik WWT mailako itzuli batean aritzeko. Jendeak zer gura du lehen egunean talde horietako lau txirrindulari lasterketatik kanpo gelditzea?", adierazi du Agustin Ruiz Emakumeen Birako antolatzaileak. "Gainera, ez dugu uste behar 18 edo 19 urte dituzten neskek, bizikleta eta ikasketa edo lana uztartzen dituztenak maila izango dutenik WWT mailako lasterketa batean aritzeko. Oso gazteak dira eta pazientzia eduki behar da, nik neskengan pentsatzen dut", jarraitu du Ruizek.

Bestalde, Bizkaia Durango - Euskadi Murias eta Sopela lasterketatik kanpo uzteko erabakia "onartezina" dela salatu du Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak, eta Jaurlaritzarengana jo du, gestioak egiteko eskatuz. Uberak adierazi duenez, “Emakumeen Birak bertoko taldeak ez gonbidatzeko erabakia onartezina eta ulertezina da, batetik, diru-laguntza publikoa jasotzen duen lehiaketa batez ari garela kontuan hartu behar dugulako; bestetik, berdintasunaren ikuspegitik ulertezina delako, emakumeen kirola sustatzea eta arlo horretan ere erreferenteak, harrobia eta afizioa sortzea, ustez behintzat, denon helburu denean”.

Agustin Ruizek, berriz, "etxeko taldeen" inguruan hitz egiten dela, baina, talde horietan "etxeko txirrindulari gutxi" daudela adierazi du.  Horrez gain, irakurleei galdera bat bota die Emakumeen Birako antolatzaileek: “WWT mailako lasterketa bat gura dugu? Hori gura badugu gure lasterketan profesional diren txirrindulari onenak behar ditugu”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!