Energia berriztagarrien aldeko hautua egin duzue. Nolatan?
Ingurumenarekiko kontzientzia izan dugu beti; beheko suan, ura berotzeko galdara genuen. Baina, duela bost urte, etxean obra egitea erabakita, bide bat edo bestea hartu beharrean izan ginen. Gas sarerik ez dago herrian, eta biltegia jarri behar izan genuen. Gasak eta gasoilak ez ziguten segurtasunik ematen eta energia berriztagarrien aukera aztertu genuen.
Nola egiten duzue ura berotzeko?
Biomasa edo pellet galdarak, eguzki-plakek eta beheko suak lotura dute 1.000 litroko galdaragaz. 700 litro berogailurako dira, eta beste 300 komunerako, sukalderako....
Pozik? Nola ikusten duzue gizartearen erantzuna honen aurrean?
Oso pozik. Informazioa falta da. Energia mota hau erakustea behar da, eta lagundu. Administrazioen inplikazioa behar da eta energia berriztagarrien aldeko apustua egitea, gehiago Europatik datozen irizpideak ikusita. Gure aletxoa ipini dugu eta oso harro gaude.
Zeintzuk dira onurak?
Hasierako inbertsioa altuagoa da. Guk laguntzak izan genituen. Baina gero, %40 aurrezten da hilero. Guretzat erraza da egurra lortzea, eta beraz, pelleta da gure gastua. Bestalde, maiatz-ekainean hasi eta irail-urrira bitartean nahikoa dugu eguzki-plakekin ura berotzeko.
Bide luzea dago egiteko?
Bai, gero eta kontzientzia gehiago dago, baina laguntza behar da, apustu bat egitea, energia garbiari trabak jartzeari uztea. Informatzera animatu gura nuke. Zenbat eta gehiagok erabili energia garbia, aukera gehiago aurrera egiteko.