“Auto batek 8.000 kilometro egiteko beste energia sortzen dugu urtean”

Markel Onaindia 2018ko urt. 26a, 09:22

Argazkia: Lehior Elorriaga

Duela hamar bat urte, Eukeni Bastidak eta bere familiak eguzki plakak ipini zituzten Iurretako Bakixa auzoan duten baserrian. Gehienak plaka fotovoltaikoak, eta beste bat termikoa. Ingurumena zaintzeko ikuspegiaz gainera, ekonomikoki ere apustu bat zen. Eta ondo atera zaiela argi du Bastidak. Pozik dago, energia berriztagarria sortzen ekarpena egiten dutelako, eta eguzkiaren bidez, urteko zati handi batean ur beroa lortzen dutelako.

Gainera, kezka handia eragiten dion beste gai bategaz lotzen du: Durangaldeko airearen kalitateagaz. Eguzki plakak hedatzea aire osasuntsuagoa lortzeko bide bat dela ohartarazi du, dieselaren kontsumoa bajatuko litzatekeelako. Bestalde, laguntza eta sustapen aldetik, sasoi hobea zen eurek instalazioa ezarri zutenekoa, baina oraindik ere ekonomikoki errentagarria dela azpimarratu du.

Zelako instalazioa duzue etxean?
Lau bizi gara etxean, eta eguzki plaka termikoak kasik urte osorako ur beroa ematen digu. Dutxarako, harrikoa egiteko... Beste plaka guztiak, fotovoltaikoak dira, argindarra sortzen dute; kasu horretan, sarera botatzen dugu horietatik datorren energia guztia, eta Iberdrolak erosten digu. Etorkizunerako, plaka fotovoltaiko berri batzuk ipini gura ditugu, eta horiek autokontsumorako erabili. Ohiko fakturari zerbait kendu ahal izango diogu horrela. Ohiko prezioa enpresa elektrikoen, gobernuen eta petrolio-konpainien esku dago; plakekin, ostera, eguzkiaren arabera. Zerutik datorren energia da, eta agortezina da; horretarantz jo beharko genuke.

Zergatik ipini zenituzten plakak energia berriztagarri hori saltzeko, eta ez autokontsumorako?
Bere sasoian, ingurumenaren ikuspegiaz gainera, inbertsio mota bat ere bazen fotovoltaikoak jartzea. Errendimendu onagaz 25 urtetik gora irauten dutela esaten dute, eta laguntzak urte horietara lotzen zintuen. Instalazioetarako ere diru-laguntzak daude, denboragaz bajatu egin direnak. Bestalde, konpainia elektrikoekin loturarik ez edukitzeko, energia almazenatzeko bateriak ipini beharko zenituzke etxean.

Laguntzak bajatu direla diozu, baina plaken prezioa ere bai, ezta?
Bai, plaken prezioa asko bajatu da guk ipini genituenetik. 6-8 bider merkeagoa izango da igual.

Eta zergatik egin zenuten plaka termikoa ipintzeko apustua?
Zenbait aukera aztertu genituen, eta instalatzera etorri zirenean, termikoaren aukera komentatu ziguten. Etxeko asmakizunik onena da, ze gozada bat da urtean sei hiletan galdara amatatuta edukitzea. Sistema hori ez da urte osorako ailegatzen; neguko eguzki faltagatik, beste sistema bat ere eduki behar duzu prest, gasa, gasoila... Termikoa agortzen den uneetan, bestea pizten da. Gure kasuan, pelleta [egurretik datorren biomasa] erabiltzen dugu. Plakarena satisfakzio bat da, eta, gainera, 6-8 urtean amortizatu egiten duzu.

Beraz, animatu ahalko zenuke jendea zuen moduko instalazioak ezartzera?
Bai, eta horrelaxe egiten dut etxera etortzen direnekin ere. Izan ere, ingurumena zaintzeaz aparte, ekonomikoki aukerak ematen dituela ikusten da. Plaka termikoak, adibidez, denboragaz ez du inolako trabarik eduki. Ikuspuntu ekologikoa ondo dago, baina arrazoi horregaz bakarrik, kontzientziatuta dagoen jendea baino ez litzateke gehituko. Ekonomikoki ondo irteten dela ikusiz gero, beste gauza bat litzateke.

Kontrara, eguzkiari zerga ipintzeko mamua ere zabaldu dute.
Kontua da, nire ustez, batzuei ez zaiela interesatzen norbera energia sortzaile izatea. Denok eginez gero, beste batzuen pastela jaten zabiltza. Hemen bertan ere, urrutira joan barik, badakigu ate birakariak egon izan direla. Josu Jon Imaz alderditik irten eta lau egunera petrolio-enpresa batean presidente zen. Aldundi baten diru sarreren zati handi bat enpresa horren esku badago, bere alde egingo du. Eta enpresak ez du interes handirik edukiko gu autoaskiak izateko, azken petrolio tanta erre arte bereagaz jarraituko du. Eguzkiaren zergagaz, enpresei kentzen diezun zati hori konpentsatzea eta jendeari beldurra sartzea gura dute, berriztagarrien ate hori ez ikusteko. Eguzkiari zerga bat ipintzea? Ez dauka zentzurik. Guk, etxean, bidoi batean euri ura almazenatzen dugu gerorako; ez dauka zentzurik gure bidoiari zerga bat ipintzeak, ezta? Bada, eguzki plakei ere ez.  

Beraz, instituzioek gehiago egin lezakete?
Konbentzituta nago instituzioetatik askoz gehiago egin daitekeela. Kalean auto elektrikoentzako postuak ipini, etxeetan plakak ipintzea sustatu... Kutsagarriak direnentzat zergak arautu beharko lituzkete. Dieselak, adibidez, zerga sanitarioa eduki beharko lukeela uste dut. Badakigu merkeagoa daukagula zerutik datorrena, eta, gainera, garbia dela, eta ez digula ondoriorik ekarriko. Petrolioa arnastea arazo bat da, Durangaldean uneotan daukagun horixe hain zuzen ere. Birritan pentsatu beharko genituzke horrelako gauzak.

Ingurumenaren eta osasunaren gaiak Durangaldeko airearen kalitateaz kezkatzera ere eraman zaitu. Eguneroko datuei jarraitzen diezu, adibidez.
Duela 15 bat urte etorri nintzen Bergaratik hona bizitzen, eta aldea dago ondoko bailaratik hona airearen kalitateari dagokionez. Edozeinek esango dizu hemen hatsa dagoela. Eta hatsa bakarrik balitz... baina ikusten ari gara ez dela hori bakarrik, kaltea dakarrela. Durangaldean minbizi kasuak %17 altuagoak dira Euskal Herriko beste leku batzuetan baino. Beraz, ez da txantxetan ibiltzeko gaia. Gugan eta gure umeengan eragina dauka.

Eta egoera horrek ba al du alternatibarik zure ustez? Energia berriztagarriek lagundu dezakete?
Nik uste dut barneratuta daukagula, daukagun bizi mailagatik ordaindu beharreko prezioa dela aire zikina arnastea. Eta hori ezin dugu inolaz ere onartu. Gainera, uste dugu ez dagoela beste aukerarik. Seguruenik, kontrol gehiago egon beharko litzaieke enpresei. Ekonomia ala osasuna; une batean lehentasun bat ipintzera heldu beharko gara. Nire etxeko eguzki plakekin, auto batek 8.000 kilometro egiteko beste energia sortzen da urtean. Beste era batean esanda, etxebizitza bi urtebetean hornitzeko beste ematen dute. Pentsa kalean zenbat teilatu eta pabilioi dagoen. Denok berdina eginez gero, pentsa zenbat petrolio utziko genukeen alde batera. Norvegian, esaterako, saltzen dituzten autoen %45 elektrikoak dira. Adituei entzuna diet diesel autotik elektrikorako trantsizioa 5 urtean egin ahalko litzatekeela. Baina, seguruenik, ez dira soldaduak hemendik Irakera bidali egun bitara eletrikora pasatzeko. Horri errentagarritasuna atera gurako diote, agortu arte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!