Zelan funtzionatzen du?
Teknikoki ez nuke jakingo sakonean azaltzen, baina, oinarrian, ura berotzen du, pilatu egiten du, eta joan-etorrian ibiltzen da. Sistema martxan jartzeko, argindarra baino ez da behar. Beste guztia sistemak berak sortzen du. Etxearen kanpoko aldean hodiz betetako harresi bat dago, eta bertan dago geotermia sistemaren oinarrian dagoen zuloa eginda. Ez da horren sakona.
Etxean ez dago erradiadorerik.
Ez, zoruaren azpian dauden hodietatik pasatzen den urak berotzen du etxea. Gainera, gune bakoitzean zein tenperatura gura duzun markatu dezakezu. Edo kanpoan egiten duen tenperaturaren arabera, barruan gura duzun tenperatura mantendu dezakezu.
Pozik zaude sistema honegaz?
Oso pozik, %100ean. Hasieran inbertsioa garestia da, baina, gero, merezi du.
Momentuz, etxe sistema hau ez da etxe askotan erabiltzen. Zuk nondik atera zenuen informazioa?
Orain zortzi edo bederatzi urte, etxean obra egin nuenean, argi nuen ez nuela erradiadorerik gura. Horrela hasi nintzen informatzen eta berriztagarrien gaian sakontzen. Biomasa galdarak begiratzen ibili nintzen, baina lekua behar nuen biltegia izateko. Donostiako enpresa batera deitu nuen, eta sistema honi buruz hitz egin zidaten. Harritu egin ninduen. Teknikoak esan zidan, hotz handia egiten zuen egun batean zuloa egiteko lurrean, eta hankak sartzeko bertan. Bero hori da sistema honen ardatza. Eta neguan, izotza egiten duenean, hodiak ez dira izozten, eta beroa berdin-berdin mantentzen da.