Liher Larrañaga abeslariak azaldu du bira bati hasiera emango diotela hurrengo barikuko kontzertuagaz, Euskal Herriko hainbat gaztetxe eta areto zeharkatuko dituena. Tartean, zelan ez, taldearen sorburu den Elorrion ere egongo dira, gaztetxean, urtarrilean.
Diskoaren grabaketa bi zatitan egin dute. Crowfunding bidez finantzatu direnez, diru ekarpena egin dutenei zuzenean banatu diete diskoa, labetik atera eta segituan. Pozik daude emaitzagaz. Diskoan zer topatuko dugun galdetuta, honela esplikatu du Larrañagak: “Disko oso betea da. Punkrockaren estilo amerikarretik dauka, gure eraginak agertzen dira, abesti batzuk gogorragoak, beste batzuk suabeagoak...”. Abesti denak eurek konposatu eta idatzi dituzte, euskaraz. “Argi geneukan punkrocka egin gura genuela, eta euskaraz. Abestietarako tresna bat da euskara, eta gustatzen zaigu horrela idaztea”, gaineratu du.
“Ikuspegi errebeldea”
Larrañagak dio “ikuspegi errebelde” bategaz landu dituztela letrak. Deneriko gaiak jorratu dituzte: egoera soziala, Euskal Herrian bizi izan den eta oraindik bizi den egoera, presoak, laguntasuna, emakumeen aurkako biolentzia, telebista, Gerra Zibila... “II. Mundu Gerran itzalean egondako emakume bati erreferentzia egin diogu, nazien aurka borroka egin zuena”.
Baterian aldaketa
Taldea 2016an jaio zen eta kontzertuak eskaintzen hasi ziren. Larrañagagaz batera, Xabier Gallastegi Xagu, Jon Ander Areizaga Txibillo, eta Ibai Arrizabalaga hasi ziren, baina azken honek taldea utzi berri du, eta Xabier Arrieta sartu da bere partez, bateria jotzeko. Beraz, etapa berri bati ekingo diote Bultz!-ekoek.