Donostiako Zinemaldian oso kritika onak izan ostean, eta euskal zinemaren Irizar Saria eta Epaimahaiaren Sari Berezia irabazi eta gero, bihartik aurrera publiko orokorrak ikusi ahal izango du Eneko Sagardoy aktore durangarra protagonista duen filma. Ohiko aretoetan emango dute.
Datozen egunetan, Durangaldean ere ikusgai izango da Altzoko Handiaren istorioa. Bihar, zapatuan eta domekan Durangoko Zugaza Zineman, Elorrioko Arriolan eta Zornotza Aretoan ikusi ahalko da Handia. Durangon, egunean bi emanaldi izango dira bihartik astelehenera arte, eta bana martitzenean eta eguaztenean. Asteburuan emateko hautatu duten filma izango da Zornotzan eta Elorrion ere.
Datorren asteburuan Berrizko Kultur Etxean izango da ikusgai: urriaren 27an (22:00etan) eta 29an (19:00etan).