Gainera, garai hartan eskaintzen ziren ekintzetan — futbola, saskibaloia...—, sexu bereizketa egiten zela ikusita, beharrezkotzat jo zuten erabaki bat hartzea. “Guraso elkarteko kideok neskek eta mutilek kirola elkarregaz egitea gura genuen, eta garai hartan eskaintzen genituen kirolek ez zuten horretan laguntzen”, adierazi dute.
Orduz geroztik, eta guraso elkarteak eta asanbladak erabakia aho batez hartu ostean, Maiztegiko 12 urtera arteko gazteek multikirolak dituzte eskolaz kanpoko ekintza moduan. “Ikasketetan espezializazioa 14 urte ingurura arte ematen ez dela ikusita, eskola honetan kirol espezializazioak ere lekurik ez zuela ikusi genuen”, gaineratu dute elkarteko kideek.
Osasunerako ona
Multikirolak hitzak berak dioen bezala, Iurretako gazteek hainbat kirol egiten dituzte ikasturtean zehar: saskibaloia, futbola, atletismoa, esku pilota, herri kirolak...
Guraso elkarteko kideen hitzetan, gaztetan hainbat kiroletan jardutea “onuragarria” omen da osasunerako. “Kirol mota ezberdinak egiteak lesioak saihesten dituela eta psikomotrizitatea lantzen laguntzen duela ikusi genuen hainbat txostenetan. Gainera, diputazioko kideek ere horixe berretsi ziguten, eta, beraz, gure erabakiagaz aurrera egitea erabaki genuen”. Bestalde, beraiek eskainiko zuten diziplina berri horrek, gazteen arteko lehiakortasuna bultzatu beharrean, neskak eta mutilak elkarregaz jolastera eta ondo pasatzera bultzatzen zituela ikusi zuten guraso elkarteko kideek.