Futbolaz kanpoko adituen iritziak

Anboto 2017ko mai. 19a, 09:35

Zer ikusi, huraxe ikasi dio esaera zaharrak, eta umeek zein guraso askok hedabideetan ikusten dutenagaz egiten dute amets. Eta ikusten duten hori, gehienetan, futbola da. Bizkaian ez dago futbolari itzala egingo dionik.

Oreka falta horrek zelan eragiten die beste kirolei? Futbolean ematen diren kasuak beste kirol horietan ere gertatzen al dira? Eta, horrela bada, zein neurritan ematen dira? Beste kirol batzuetako adituek kanpoko ikuspegia eman dute.

TXABER AGIRRE (Durango pilota eskolako arduraduna)

Futbolak gizartean duen oihartzunak zelan eragiten dio pilotari?  
Futbola kirol nagusia da hemen. Pilotari ez ezik beste kirol askori ere eragiten dio horrek: atletismoari, igeriketari… Telebistan ikusten dena eta propaganda gehien duena futbola da. Gure kasuan, kimu mailatik haur-kategoria mailarako tarte horretan pilotarien %75 inguru galtzen ditugu. Adin batera heltzean, bi kiroletako bat aukeratu beharrean izaten dira, eta normalean futbola aukeratzen dute.

Maila horietan umerik gehienak joaten zaizkizue.
Bai. Batzuentzat kirol biak uztartzea ez da erraza, baina beste kasu batzuetan umeak gustura dabiltza bietan, eta gurasoek esaten diete bata edo bestea aukeratzeko. Umea talderen batek fitxatzen badu, ez dakit nor egoten den pozago: umea ala gurasoak. Uste dut futbola pilota baino kirol eramangarriagoa ere badela. Pilotan gurasoak hara eta hona ibiltzen dira seme-alabekin, herririk herri. Indibidualagoa da, etengabeko sostengu hori behar du. Futbolera taldean joaten dira, eta guraso batzuekin ez bada, beste batzuekin. Eramangarriagoa da.

___________________________________________________________________________________________________

SONIA OCEJA (Errugbi entrenatzailea eta Gorputz Hezkuntzako irakaslea)

Nolako pisua du futbolak eskola kirolean?
Estatu guztian futbolak duen pisua izugarria da, eta eskola kirolean ere indar ikaragarria dauka. Eskolan, atsedenaldian, umerik gehienak zertan jolasten diren ikustea besterik ez dago.

Futbolak umeak lehiara bideratzen dituela esan daiteke?
Lehia, berez, gauza positiboa da, eta futbola ere ez litzateke negatiboa izan behar. Baina, egia da azken urteetan futbola kutsu negatiboa hartzen dabilela, bai eskola kirolean, bai mailarik gorenean, kirolak dituen gauza negatibo guztiak erakusten dabiltza eta. Hau da, biolentzia, lehiakortasuna, beste gauza guztien aurretik norbera eta norbere taldea onena izatea... Beraz, batzuek bultzatzen dituzten balioek kaltetzen dituzte gazteak zein futbola bera.

Beste kiroletan ez dira horrelako balioak transmititzen?
Ezetz esango nuke. Errugbian, esaterako, errespetua da balio nagusia, eta, ostean, esfortzua eta talde lana baloratzen ditugu. Gainera, 11 urtera arte gazteek ez dute sailkapenik izaten. Jokalari denek disfrutatzea da helburua.

___________________________________________________________________________________________________

UNAI ZAMALLOA: Kurutziaga ikastolako eskola kiroleko arduraduna

Norantz bideratu beharko litzateke eskola kirola?
Bide parte-hartzailetik, jolasetik lantzea da gure helburua. Kirola egitea, talde moduan lantzea, euskara sustatzea, elkarbizitza lantzea, gorputzaren ariketa fisikoak bideratzea, elkar ezagutzea, kirola bera ezagutzea... Eskola kirola ez da lehia bakarrik.

Kirol eskaintza zabala egiten duzue Kurutziagan.
Multikiroletan, LHko 3. mailan ikastolan aukeran dituzte kirolak ezagutzen dituzte. Futbola, saskibaloia, eskubaloia, boleibola, pilota, atletismoa, errugbia, txirrindularitza... Durangon badago beste eskaintzarik ere, talde asko daude eta. Bestalde, gure entrenatzaileak ikasle ohiak izaten dira batez ere, talde lana indartzeko.

Futbolean gertatzen dabilena ez doa bide horretatik.
6-7 urtekoen fitxaketak egiten dabiltza. Bakoitzak bere ikuspegia eta bere lana dauzka, baina eskola kirola da, ala enpresa funtzionamendua? Hori ezin da eskola kirol lez saldu. Beste gauza bat da klubek gugaz harremana edukitzea, ikasleek etorkizunean ere kirola egiteko aukera izan dezaten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!