Jolasa ala jokoa?

Joseba Derteano 2017ko mai. 19a, 09:30

Futbola gainerako kirol guztiak itzalean uzten dituen erraldoia da. Txiki-txikitatik umeen ametsa beren idoloen parera heltzea da, eta guraso askorena semeek hori lortu dutela ikustea. Gora heltzen direnak gutxiengo bat dira, ordea. Askoz probableagoa da bidean geratzea.

Hori horrela izanda, umeen artean zein punturaino lehenetsi behar da lehia jolasaren aurretik? Non dago bi ereduen arteko oreka adin jakin batera arteko umeen kasuan? Bizkaiko hainbat klubek plataforma bat sortu dute beste klub batzuen jardunbidea salatzeko. Eskola kirol adina (12 urtera arte) duten gaztetxoekin “salerosketan” dabiltzala diote. Gurasoak zein umeak etorkizun oparoago bategaz limurtzen dituztela salatzen dute, gaztetxoak eurengana batzeko, horrek izan ditzakeen arriskuak kontuan hartu barik. Horrez gainera, gurasoengan jartzen dute erantzukizunaren pisurik handiena.

Bizkaiko Eskola Futbolaren Babeserako Plataforma 42 taldek osatzen dute, tartean Zaldibarko Zaldua, Iurretako Gertasport eta Amorebieta daudelarik. Zalduak hartu-emanak hautsi ditu Abadiñogaz, eta Gertasportek beste horrenbeste egin du Durangoko Kulturalagaz, eurekin zebiltzan umeak fitxatzen saiatzeagatik. Baina ez dute euren kritika talde bitan zentratu gura. Egoera orokor bat salatu gura dute. “Klub batzuek zoratu egiten dituzte umeak eta gurasoak euren eskaintzekin, umeak oraindino horixe direnean: ume. Zertarako? Inguruko hamar umerik onenak talde berean batzeko. Egiten dutena umeak heztea da? Nire ustez, hori garaipena edo emaitzak beste edozeren gainetik jartzea da”, salatu du Gertasporteko presidente Mikel Arangurenek. Zalduako koordinatzaile Karmelo Alonsoren ustez ere “9 urteko umeak onen eta txarren artean sailkatzen hasten bagara, okerreko bidetik goaz; adin  horretan, dibertitzea da helburu behinena”.

Plataformak babesten duen filosofiagaz bat datorrelako batu da bertara Amorebieta. “Umeek euren inguruan egon behar dutela uste dugu, eta futbolean gozatu egin behar dutela beste ezeren gainetik”, azaldu du klubeko eskola futboleko arduradun Argoitz Argotek. Horregatik, umeei euren ikastetxeetako taldeetan ibiltzen uzten diete kimu adinera arte. Jardunbide horren aldekoak dira Zaldua eta Gertasport ere. “Umeak euren betiko lagunengandik, bere mundutxotik ateratzen baditugu, oinarrizko futbolak izan beharko lituzkeen printzipioak hausten ari gara”, dio Alonsok. Gainera, Argoteren eta Arangurenen ustez, “umeak gehiago errenditu dezake inguru egoki eta ezagun batean badago”.

Euren ateak ume denei irekita daudela diote, hobeak zein txarragoak izan. Beste klub batzuek, ostera, aukeraketa bat egiten dutela diote. Berdintasunagaz mozorrotutako aukeraketa izaten ei da sarritan. “Taldetik ez dutela umerik botatzen diote. Baina ume batzuek ez dute urte osoan jokatzen, gurasoak haserretu egiten dira eta urte amaieran badoaz. Ez dituzte botatzen, baina, zelanbait esanda, joatera gonbidatzen dituzte”, dio Arangurenek.

Zaldibar herri txikia denez, beste mezu bat ere utzi gura du Alonsok. “Jakin dezatela, hiru ume eramaten badituzte litekeena dela beste batzuk jokatu ezinik geratzea, ez dagoelako taldea osatzeko ume nahikorik”.

Gurasoen erantzukizuna
Gurasoek zer erantzukizun dute honetan guztian? “Erantzukizunaren %100, erru osoa eurena da”, Arangurenen ustez. “Maradona berriaren ‘Mara’ badutela-eta, ‘Dona’ horren bila doaz”. Buruagaz baietz diote bere solaskide biek. “Klubek eskaintza erakargarri bat egin dezakete, baina azken erabakia gurasoena da”, erantsi du Argotek. Ume batek futbolerako talentua badu, gora helduko dela uste dute, talde batean zein bestean egon. Azken batean, diotenez, “ez da normala ume bat hamar urtegaz hiru klubetan egon izana”. Klub bereko umeak mailaren arabera banatu daitezkeela diote, baina beti ere denei tratu berdina eskainiz.

Abadiño eta Kulturala

Unai Sagarna Abadiño K.E.-ko talde federatuen arduradunaren ustez, Bizkaiko Foru Aldundiak erantzukizun handia du honetan guztian. “Eurak dira mailak jartzen aurrenekoak liga desberdinak eratuta, eta, kakotx artean esanda, lehiara behartzen gaituzte”, dio. Baieztapen honegaz bat egiten dute bai plataformako hiru taldeek, bai Durangoko Kulturaleko kirol zuzendari Joseba Aranak. Era berean, azken erabakia gurasoek dutela azpimarratzerakoan ere bat datoz denak.

Sagarnak dio beste klub batzuek ez duten formakuntza eskaintzen dutela, eta gurasoek kontuan hartzen dutela hori. Horrela, onartu du ez dutela Abadiñoko edo herritik kanpoko umeen artean bereizketarik egiten, eta jokalarien kalitatea aukeraketarako osagai bat dela. “Ez diogu begiratzen nongoak diren. Taldeek eta dauden kategoriek eskatzen dutenaren baitan dago erabakia”. Umeak euren inguruan aritzeko komenigarritasuna zalantzan jartzen du. “Beste herri batzuetako umeekin harreman berriak egitea aberasgarria dela uste dut”. Abadiñoko ume denak hartzea gustatuko litzaiekeela dio, baina gaur egun ez dute tokirik.

Aranak dio gazte durangarren atzetik baino ez dabilela Kulturala kanpoan, eta galdera bategaz erantzun dio Gertasporti. “Zein da klub harrapatzailea, etxeko jokalariekin jokatu gura duena ala Iurretako kluba izanda Durangoko gazteak dituena?”. Kulturalak benjamin eta kimuetako taldeak oraintsu sortu dituela eta aurretik hutsune bat zegoela onartu du. Hala ere, harrezkero, Kulturalean bertan ez, baina Gertasport Durangoko ikastetxeetako gurasoekin harremanetan izan dela dio, euren proiektua saltzeko. “Ikastetxe batzuek hitzarmena dute edo izatekotan dira Kulturalagaz”.

Plataformari buruz bere iritzi pertsonala eman du: “Klub batzuetako umeen gurasoengandik irten zen, euren intereserako. Euren semei deitzen ez zietenez, gainerakoak taldean geratzea gura zuten, taldea lehiakorragoa izateko”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!