Berriz eta Zaldibarko tren erabiltzaileei dirua bueltatuko diete, eremu aldaketaren kalteagatik

Anboto 2017ko api. 29a, 13:39

Bizkaiko Garraio Partzuergoak udalei jakinarazi dienez, Berriz eta Zaldibar maiatzaren 12an bueltatuko dira laugarren zonaldera. Bonuak dituzten erabiltzaileei egunotan aldaketagatik sortutako gainkostua bueltatzeko prest dago partzuergoa.

Maiatzaren 12a baino lehen ateratako bonuak dituztenek, zonifikazio aldaketak ekarritako gainkostua erreklamatu ahalko dute. barikctb@cotrabi.eus helbidera mezu bat bidali beharko dute, ondorengoak erantsita: titulua kargatuta duen txartelaren titularraren izena eta abizenak; Berriz edo Zaldibarko udalerrietan erroldatuta dagoela egiaztatzen duen ziurtagiria; eta titulua kargatuta duen Barik txartelaren zenbakia.

Laugarren zonaldera bueltatzea ez da behin-betikoa, Bizkaiko Mugikortasunerako Agintaritzak azterketa orokor bat egin bitartekoa baizik. Udalek prentsa oharrean esan dute lan horren jarraipena egingo dutela, eta berriro ere eskerrak eman dizkiete herritarrei mobilizazioetan parte hartzeagatik. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!