Euriteek hainbat eragozpen sortu dituzte Durangaldean

Anboto 2017ko urt. 11a, 16:01

Argazkiak: BomberosBizkaia

Elorrion, garaje bat urez bete da gaur goizean. Iurretan berriz, suhiltzaileek errekaren kanal bat libratu behar izan dute. Era berean, azken orduetan istripu larri bi gertatu dira Iurretan (Mallabiena) eta Zornotzan (Autzagane) . Larrialdi zerbitzuek azaldu dutenez, amaitu da abisu horia euri iraunkorragatik, baita itsasaldeko arriskuagatik ere. Hala ere, ostiralerako abisu horia aktibatu dute itsasaldeko arriskuagatik eta elurragatik.

Gauean botatako euriaren eraginez, Elorrion, Argiñetako garaje bat urez beteta aurkitu dute gaur goizean. Suhiltzaileek berehala konpondu dute arazoa. Bestalde, suhiltzaileek Iurretako errekako kanal bat libratu dute gaur goizean.

Istripu larriak

Istripu larria gertatu da gaur eguerdian, Autzaganen, Zornotzan. Kotxe eta kamioi baten arteko istripuaren ondorioz, kotxea trenbidera erori da. Autoan zihoazen bi pertsonak harrapatuta gelditu dira eta suhiltzaileek atera dituzte. Zaurituak ospitalera eraman dituzte.

Beste istripu larria atzo gertatu zen, 20:25ean, N-634 errepidean, Mallabiena industrialdean, Iurretan. Bi autoren arteko istripuaren ondorioz N-634 errepidea itxi egin zuten bi norazkoetan. Ibilgailu bateko gidaria kotxean harrapatuta gelditu zen eta suhiltzaileek atera behar izan zuten. Zauritua Galdakaoko ospitalera eraman zuten.

Larrialdi zerbitzuek azaldu dutenez, amaitu da abisu horia euri iraunkorragatik, baita itsasaldeko arriskuagatik ere. Hala ere, ostiralerako abisu horia aktibatu dute itsasaldeko arriskuagatik eta elurragatik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!