Etengabeko euri zaparradek hainbat kalte eragin dituzte Durangaldean

Anboto 2016ko ots. 28a, 12:58

Egoerak hobera egin du nabarmen. Euri zaparradak baretu dira azken orduetan, eta Segurtasun Sailak bertan behera utz du Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabarako Uholdeen Ziozko Larrialdiko Plan Berezia. Atzoko etengabeko euriak hainbat kalte eragin zituen Durangaldean. Kalteak aztertzko eta konpontzeko eguna da gaurkoa. 

Berrizen Legañoko basoan jausitako pinuek argi-linea moztu zuten bart eta hori konpontzera bertaratu ziren Iberdrolako langileak. Besteak beste, Olabe, Iturritza eta Abeletxen izan ziren argi gabe. Bestalde, Legañoko ibilbide ekologikoa itxi egin zuten udal arduradunek eta auzo horretara sartzeko abiadura moteltzea eskatu zuten. Berrizko Murgoitio auzoan ere eragin ditu kalteak euriak.  

Abadiñoko Mendiola auzoan ere baserri baterako sarrera trabatu du jausitako arbola batek eta argirik gabe izan ziren bart gauean. Jose Luis Navarro alkatea eta udaltzainak hurbildu dira laguntzera.

Hainbat garaje ere urez bete ziren atzo: Otxandioko Uriguena auzoan eta Mallabiko Intxurti auzoan sartu zen ura garajeetan. Baita Iurretan eta Abadiñon ere. Durangoko Arandoñotorre auzoko garaje baten ere sartu da ura eta suhiltzaileak bertatatu dira.

Era berean, Abadiñon Astolako baserri bateko elbarritutako bizilagunei irtetzen laguntzera bertaratu ziren suhiltzaileak,atzo. Iurretan Ibarretxe kultur etxeko sotoan ere sartu zen ura eta kalteak konpontzeko lanean aritu ziren bart.

Auto bat tunelean harrapatuta eta ura Durangoko anbulategian

Ezusteko irudia izan zuten, atzo, Iurretan. Izan ere, Bixente Kapanaga kalea eta Aita San Migel plaza lotzen dituen tunela urez bete zen iluntzea, eta, auto bat geratu zen bertan harrapatuta. Itxi egin zuten tunelerako sarrera; baita Bixente Kapanaga kaleko biribilgunea ere. Ur emari handiagaz zetorren atzo Ibaizabal Iurretan eta Durangon. Ura sartu zen kutxatiletatik Durangoko Landako anbulategian ere bai.

Izurtzan, berriz, ur putzuen eraginez autoak geldirik egon ziren atzo iluntzean errepidean.

Argi gabe eta elurra mara mara Otxandion

Otxandio osoa argi gabe zen atzo goizean. Kale batzuetara argindarra arratsaldeko 16:00etarako itzuli zen arren, beste zonalde batzuetan argi gabe jarraitu zuten, matxura konpondu artean. Elurtuta itzartu zen, atzo, Otxandio. Gaurko eguraldi zertxobait lasaiagoa iragarri du Euskalmet euskal metereologia agentziak, baina, giro hotz eta bustiarekin jarraituko dugu.

Elur-kota 900 metro inguruan kokatu du Eusklametek.

Alerta laranjatik abisu horira

Euskalmet euskal metereologia agentziak bertan behera utzi du euriagatik alerta laranja. Haizeagatik eta olatuengatik abisu horia ezarri du.

 

 

 

 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!