Euriak kalte ugari eragin ditu azken orduetan

Anboto 2016ko ots. 27a, 22:40

Iurretako tunelaren irudi bat

Etengabeko euriak hainbat kalte eragin ditu azken orduetan Durangaldean. Iurretan Bixente Kapanaga kaleko biribilgunea itxi egin dute eta kale hori Aita San Migel plazarekin lotzen duen tunela ere urez bete da. Auto bat geratu da bertan harrapatuta. Durangoko Landako anbulategian ere ura sartu da kutxatiletatik, SOSDeiak-ek zabaldu duenez. 

Horrez gainera, urez bete da garaje bat Otxandioko Urigoiena auzoan. Mallabian, berriz, Intxurti auzoan hartu ditu urak hainbat garaje. Bertan izan dira suhiltzaileak.

Abadiñon ere sartu da ura garaje baten, eta baserri baten ere eragin ditu kalteak urak SOSDeiak-ek zabaldu duenez. Suhiltzaileak Astolan kokatutako baserri batetik bertan zeuden elbarrituei irtetzen lagundu diete. 

Egoerak hobera egin duen arren, Iurretan, Ibarretxe kultur etxeko sotoan ere sartu da ura.

Izurtzan, berriz, ur putzuen eraginez autoak geldirik egon dira iluntzean. Berrizko Murgoitio auzoan ere eragin ditu kalteak euriak. 

Ibaien maila marra gorrian

Euskalmet euskal metereologia agentziak zabaldu duenez, Ibaizabal ibaia maila gorrira heldu da Zornotzako estazioan. Otxandion ere marra gorrian daude.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!