'Un Otoño Sin Berlin' eta 'Pikadero', Donibane Lohitzuneko eta Zuricheko jaialdietan saridun

Anboto 2015ko urr. 15a, 10:26
Epaimahai gaztearen eskutik jaso du ‘Un Otoño sin Berlín’ filmak saria, Donibane Lohitzunen.

Donibane Lohitzuneko eta Zuricheko nazioarteko zinema jaialdietatik sari banagaz bueltatu dira Pikadero eta Un otoño sin Berlín filmen ordezkariak.


'Pikadero' filma Zuricheko zinema jaialdianBen Sharrock eskoziarrak zuzendu eta Irune Gurtubai elorriarrak ekoitzi duten Pikadero filmak kritikaren saria jaso du Zuricheko zinema jaialdiaren hamaikagarren edizioan. Lara Izagirre zornotzarraren lehenengo film luzeari, Un otoño sin Berlín filmeari, berriz, film luze onenaren saria eman dio epaimahai gazteak, Donibane Lohitzuneko zinema jaialdiaren bigarren edizioan.

Irailean Donostiako Zinemaldiak hartu zituen zinegile gazte horien lanen estreinaldiak. Aipamen berezia jaso zuen Un otoño sin Berlín filmak Euskal Zinemaren Irizar sariketan, eta sail horren barruan eman zuten Pikadero ere. Donostian abiatu zuten euren lana beste hainbat zinema jaialditan erakustera eramango dituen bidaia hau.

Durangaldeko paisaien eta eskualdeko hainbat sortzaileren lanaren isla dira Pikadero eta Un otoño sin Berlín. Zuzendari gazteek euren belaunaldiaren eta inguratzen dituen errealitatearen gainean sortutakoak. Barbara Goenagak eta Joseba Usabiagak dihardute Pikadero filmean aktore nagusi lanetan, eta, esan bezala, Durangaldeko paisaia ezagunak dira euren maitasun istorioaren hondoa. Izan ere, Irune Gurtubai Elorrioko zinegile gazteak ekoitzirikoa da filma. Aktore taldean Mariano Estudillo durangarra, eta muntaiaren arduradun Ibai Elorza berriztarra izan ditu, bestalde, Izagirreren filmak.

Izagirrerena, Zornotzan
Urriaren 21, 22, 24, 25 eta 27an, Zornotza Aretoan emango dute Un Otoño sin Berlín, zornotzarrentzat doan. Izan ere, Zornotzan grabatu zuen Lara Izagirrek filma, eta herrikideei eskerrak eman gura dizkie horrela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!