Zornotzarrei esker ona agertzeko, 'Un otoño sin Berlín' filmaren doako zortzi emanaldi egingo dituzte urrian

Anboto 2015ko ira. 28a, 14:05

Miren Larreak, Andoni Agirrebeitiak, Luisja Ugartek eta Lara Izagirrek hartu dute parte gaurko aurkezpenean.

Gaur aurkeztu dute datorren hiruhilabeterako Zornotza Aretoan eskainiko duten programazioa. Aurkezpenean parte hartu dute areto horretan euren lanak erakutsiko dituzten Lara Izagirre zinegileak eta Miren Larrea antzerkigileak.

Joan den astean Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuten Un otoño sin Berlín filmaren emanaldi bereziak egingo dituzte, urriaren 21ean, 22an, 24an, 25ean eta 27an, Zornotza Aretoan. Lara Izagirre zinegileak Aretoko programazioaren aurkezpenean azpimarratu duenez, "filma egiterakoan herrikideek erakutsi diguten laguntza eskertzeko" egingo dituzte zornotzarrentzako doako zortzi emanaldiak.

Zornotzan grabatu zuten filma, eta Izagirreren berbetan, "zentzu batean zornotzar guztiena da filma". Zornotzarrei zuzenduriko bideo berezi bat egin du Gariza Produkzioak ekoiztetxeak grabazioko irudiekin, eta hori ere eskainiko diete Zornotza Aretoko emanaldietara joaten direnei. Zornotzako ikastetxeei zuzenduriko emanaldi bereziak prestatzeko asmoa ere badauka Un otoño sin Berlín proiektuaren lantaldeak. "Gazteei erakutsi gura diegu, lan egin ezkero, posible dela gurea bezalako proiektu bat aurrera ateratzea", esan du Izagirrek.

Miren Larrearen txotxongiloak

Anita Maravillas taldeko Miren Larrea zornotzarrak ere parte hartu du gaurko prentsaurrekoan. Izan ere, Zornotzan, lana prestatzen jardun den Aretoan, estreinatuko du Larreak Pintto Pintto izenburuko antzezlan berria. Txotxongiloak eta antzerki lana uztartzen dituen ikuskizuna da, lau urtetik hasita, edozein adinetako ikusleentzako pentsaturikoa. Larreak azaldu duenez, "beste bi zornotzar daude, gainera, proiektu horretan: Fran Lasuenek sortu du musika, eta Jabi Renobalesek dihardu zuzendari lanetan". Azaroaren 7an izango da Anita Maravillas eta Portal 71 konpainiak sortu duten Pintto Pintto antzezlanaren estreinaldia. 

Gaur Zornotza Aretoan egin duten prentsaurrekoan parte hartu duten gazte sortzaile biak, Lara Izagirre eta Miren Larrea, kulturgune horren herriko sortzaileen aldeko apostuaren garrantziaren isla dira. Luisja Ugarte Aretoaren arduradunaren berbetan, "eskaintzen duen programazio kulturalaz aparte, Zornotza Aretoak daukan bizitasuna" erakusten dute gazte bion ibilbideek: "Zornotza Aretoak euren ideiak baldintza egokietan garatzeko aukera ematen die bertako sortzaileei", Ugarteren berbetan.

Film laburren lehiaketa, lehenengoz

Un otoño sin Berlín eta Pintto Pintto-gaz ezezik, beste hainbat proposamen kulturalegaz gozatzeko aukera ere badakar Zornotza Aretoko urri, azaro eta abendurako egitarauak: "Programazio potente, bariatu, eta kalitatezkoa" osatu dute, Andoni Agirrebeitia alkateak aurkezpenean nabarmendu duenez. Musika emanaldi bi, 0 eta 3 urte arteko umeentzako antzezlanak, edo dantza garaikidea, egongo dira gozagai, esate baterako.

Asteburu honetakoak dira programazio berriaren barruko lehenengo emanaldiak. Urriaren 2an, Viridiana antzerki taldearen Ligeros de equipaje: Crónica de la retirada egongo da ikusgai, eta zinegileentzako hitzordu bat ere izango da, asteburu honetan. Kine zineklubak antolatu du film laburren lehiaketa, eta urriaren 2tik 4ra egingo dute, lehenengoz. Film labur bat 24 orduan ekoizteko erronka izango dute Kine Rally-an parte hartzen dutenek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!