Isasik urrea eta Zuazubiskarrek zilarra Espainiako txapelketan

Anboto 2015ko abu. 31a, 10:59

Ziortza Isasi elorriarrak eta Illart Zuazubiskar abadiñarrak taldekako jazarpen probetan irabazi dituzte dominak.

Kadete eta junior mailako txapelketen ostean, asteburuan elite mailako Espainiako txapelketak jokatu dituzte Galapagar (Madril) belodromoan. Durangaldeko ordezkariek domina bi irabazi dituzte Euskadiko selekzioagaz, biak taldekako jazarpen probetan. Emakumeetan Ziortza Isasi elorriarrak Irene Usabiaga, Ana Usabiaga eta Nahia Leonet-ekin taldea osatu eta elkarrekin erakustaldia eskaini zuten finalean.  Finaleko 16 itzuli eta lau kilometroetan jaun eta jabe izan ziren hasiera-hasieratik eta bost minututik jaisteko puntuan egon ziren: 5.00.759. Bigarren sailkatuei—Balear Uharteak— ia bederatzi segundoko aldea atera zieten.

Illart Zuazubiskarrek Ander Alonso, Gorka Etxabe eta Jon Irisarrirekin osatu zuen taldea. Emakumeetan gertatu zenaren kontrara, gizonezkoetan Balear Uharteetako laukotea izan zen indartsuena (4.20.187) eta Euskadiko selekzioa bigarren sailkatu zen: 4.22.793.

Zuazubiskar dominen atarian geratu zen bakarkako jazarpen proban eta Madison-ean. Bakarkako jazarpen probako sailkapen fasean laugarren geratu eta Vicente Garcia eta biek buruz burukoa lehiatu zuten (16 itzuli eta 4 km) brontzezko dominarako. Garciak segundo bateko aldea hartu zion lehen kilometroan eta abadiñarra ez zen kapaz izan alde hori jateko. Madisonean Gorka Etxabe eta biek azken esprintean galdu zuten brontzea euren taldekide Jon Irisarri eta Ander Alonsoren faboretan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!