Prestaketa horretan dabil, esaterako, Iurretako kuadrilla mitiko bat, Mikel Deuna kultur taldea zenaren bueltakoa. Miren Txabarri da kideetako bat, eta orain hamahiru urteko mozorroa birziklatuko dutela aitortu du, elurretako panpinarena. “Aurten egin duen elurra ikusita, berriro mozorro hori janztea pentsatu dugu”, esan du Txabarrik. Hori zapaturako janzkera izango da, baina martitzenean ere mozorrotuko dira, taldean barik, bakoitza bere erara.
Duela 35 urte mozorrotu ziren lehenengoz, Goiuria ikastolan, guraso zirenean. Baina, herrian ekitaldirik ez zegoenez, Durangora joaten ziren ospatzera. Horren aurrean, kultur taldeak egitaraua landu zuen 1984ko inauterietarako, eta ez edozelakoa. Besteak beste, Hertzainak eta Cicatriz en la Matriz (geroko Cicatriz) taldeak ekarri zituzten martitzen karnabal egunean kontzertua jotzeko. Ordutik hona, ez dute hutsik egin, eta euren kuadrilla Iurretako inauterietako ezinbesteko osagai da urtero.
Miss motzak
Zornotzan partaidetza handia izaten da inauterietan, eta Marisol Iturriondobeitiarena da tradizioagaz disfrutatzen duen kuadrilletako bat. Duela 30 bat urte hasi ziren parte hartzen, eta orain umeekin batera irteten dira jaira. Mozorro bat aipatzekotan, miss jantzita irten zirenekoa gogoratu du: “Oso ondo geratu zen mozorroa. Miss motzak ginen, begitarteak-eta margotuta”.
Inauteriez gainera, herriko jaietan ere mozorrotzeko ohitura daukate, eta estatuak irudikatzen zituzten jantziekin bigarren sari bat lortu zuten behin.
Karroza eta guzti
Durangoko Goienkalean kuadrilla ugari ikusi ahal izaten da inauterietako zapatuan; Aritz Bravorena, adibidez. Urtero, gaia zein izango den pentsatu, eta karroza eta guzti irteteko ohitura daukate. “Aurtengoa zein den ezin esan, azken momentuan ibiltzen gara-eta”, azaldu du gazteak. Bakero, PPko alderdikide eta erizain jantzita irten izan dira, esaterako. Ez dute faltan izaten barre egiteko eta satira erabiltzeko gogoa.