Ziklo-krosean ere berdintasunaren bila

Anboto 2014ko aza. 7a, 13:13

Emakumezko txirrindulariek aldarrikapenak hasi dituzte ziklo-krosean ere, berdintasuna eskatzeko; gizonek eta emakumeek jasotzen duten tratua ez dela bera sentitzen dute. Ez sarietan dagoen aldeagatik bakarrik; oro har, “errespetu falta jasaten dugu, eta soberan dagoen kategoria bat osatzen dugula sentitzen dugu”, dio Naia Alzola txirrindulariak.

Aldarrikapen horietara emakume, gizon, txirrindulari zein txirrindularitza zaleak batzea gura dute. Laudioko proban Txirrindularitzan ere berdintasuna zioen pankarta baten atzean batu ziren, eta aldarrikapenari sostengua eman zieten gizonezko txirrindulari askok ere. Elorrion ere erakutsiko dute pankarta hori.

Era berean, sinadura bilketa hasi dute. Espainiako federazioak abenduan egiten duen urteko ohiko batzarrean aurkeztu gura dituzte. Elorrion karpa bat egongo da sinadurak batzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!