Talde antolatzaileko kidea da Aketza Santacoloma. Azaldu duenez, duela hiru hilabete hasi ziren rallya prestatzen, eta, Arratiara hedatu denez, Gorbeialde Racing eta Agiñona Racing taldeen laguntza eduki dute aurten. Goizez ibiliko dira Diman eta Zeanurin, eta arratsaldez Goiurian eta Bizkaiko begiratokian, bakoitzean pasada bi egiteko. “Zeanuriko tartea oso polita da, jendeari asko gustatzen zaio korritzeko eta ikusteko”, Santacolomaren arabera.
Santacolomaren ustez, Gorka Antxustegi da rallya irabazteko faboritoetako bat. Etxekoen kasuan, Iban Tarsicio (iazko irabazlea) aipatu du. Garikoitz Flores nafarrak Durangaldeko racing taldeagaz parte hartuko du, eta hori ere onenen artean ikusten du antolatzaileak. Txema Uzkudun, Ander Arana... faborito zerrenda ez da laburra.
Guztira, hamasei lagunek gidatuko dute Durangalde Racing Elkartearen babespean. Horietatik hamar izango dira eskualdekoak, Tarsicio kontuan hartuta: Jon Zalloetxebarria zornotzarra, Josu Solozabal ermuarra, Dani Benito abadiñarra, Oier Gorrotxategi durangarra, Paco Benitez berriztarra, Unai Solaguren abadiñarra, Imanol Ramirez zornotzarra, Iban Leanizbarrutia berriztarra eta Eneko Goiriena durangarra.
Aurtengorako aurreko edizioetako helburu bera daukatela adierazi du Santacolomak: “Durangaldean ez dago honelako lasterketarik, eta beti gura izan dugu jendea erakarri”. Horretaz gainera, herritarrei kirola erakustea ere gura dute.
Zaleei segurtasuna zaintzeko eskatu die Santacolomak, leku altuetan egoteko, eta, batez ere, disfrutatzeko.
Ordutegia
09:10 Dima
09:55 Zeanuri
11:30 Dima
12:15 Zeanuri
16:30 Goiuria
17:15 Bizkaiko begiratokia
18:56 Goiuria
19:41 Bizkaiko begiratokia
21:00 Sari banaketa Landakon