Bere ibilbideko lehen rallya etxean irabazi du Iban Tarsiciok

Anboto 2013ko eka. 24a, 09:30

Iban Tarsicio pilotu abadiñarrak eta Iñigo Peña kopilotu atxondarrak Balcon de Bizkaia Rallya irabazi dute.

Iban Tarsicio pilotu  abadiñarrak eta Iñigo Peña kopilotu atxondarrak Balcon de Bizkaia Rallya irabazi dute.

 

Garaipen handia lortu zuen zapatuan Tarsicio-Peña bikoteak. Iaz euren ibilbideko lehen rallysprinta irabazi bazuten (Aramaion), herenegun rally batean lehenengoz gailentzea lortu zuten, etxean eta zaleen aurrean gainera. Euskal Herriko Rally Txapelketari hasiera ematen zion Balcon de Bizkaia lasterketan nagusitu ziren Mitsubishi Lancer EVO IX baten barruan. Une honetan, Euskal Herriko Rallysprint Txapelketako zein Euskal Herriko Rally Txapelketako lider dira Tarsicio eta Peña: “Rallysprint txapelketan ere bagabiltzanez eta lider goazenez, ez genuen argi Balcon de Bizkaia rallyan parte hartu edo ez. Probatzeko parte hartu genuen. Orain, lasterketa hori ere irabazi dugunez, txapelketa bietan jarraitzea hausnartzen gabiltza. Momentuz, hurrengo rallyan ere parte hartuko dugu eta hor gertatzen denaren arabera erabakiko dugu rally txapelketa osoan parte hartu edo ez”, adierazi du Tarsiciok.

 

Durangalde Racing Elkarteko bikotea hasieratik amaierara nagusitu zen Balcon de Bizkaia rallyan. Goizeko sektore bien ostean, lider bueltatu ziren Landako Gunera. Arratsaldeko hiru sektoreei ekin aurretik, 40 segundoko alde aipagarria ateratzen zioten Xabier Lujua eta Jesus Estradaren (Durangalde Racing Elkartea) Ford Fiesta R2ari. Arratsaldeko hiru sektoreetan aldeari eutsi zioten.

 

Goizeko lehen sektorea Iurretan hasi eta ia Oiz mendi gainean amaitu zen, ibilbideko 10 kilometroetatik zazpi zementu gainean egin ondoren: “Asko gustatu zitzaigun sektore hori. Elgetan hasi eta Soraluzen amaitzen zenagaz batera gehien gustatu zitzaigun ibilbidea izan zen. Bide estuak, bihurguneak… uste dut mota horretako bideetan errei bikoetan baino hobeto moldatzen garela”.

 

Abadiño eta Atxondoko bikoteak iaz eta aurten eman duten gorakadaren zergaitietako bat auto aldaketa izan da. Lehen gidatzen zuten Ford Scort Cosworth-a Mitsubishi EVO IX bategatik aldatu zutenetik lasterketak irabazten hasi dira. Tarsiciok eskerrak eman gura izan dizkiei zaleei euren animoengatik, eta baita euren babesleei ere, batez ere, Hirumet enpresari.

 

Zapatukoa rally exigentea izan zen autoentzat eta irteera puntuan egon ziren 53 autoetatik 24k lortu zuten bost sektoreak osatzea. Castro aita-semeek, Josetxo Zapiainek eta Gorka Antxustegik, esaterako, ezin izan zuten rallya amaitu.

 

Beraz, 6. Klasean Iban Tarsicio eta Iñigo Peña nagusitu ziren; 5. Klasean Fernando Anton eta Anartz Onaindia; 4. Klasean Jorge Rodriguez eta Asier Arrillaga; 3. Klasean Xabier Lujua eta Jesus Estrada; 2. Klasean Aitor Arrieta eta Alaitz Urkiola; Lehen Klasean Felix Martikorena eta Ion Ugaldebere. Formula Librean Esteban Ibarrola eta Egoitz Odriozola izan ziren irabazleak. 

 

\"\"

 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!