Lehenengo Durango, Berriz, Elorrio eta Abadiño batzen dituen zirkuitua lau bider egingo dute; beste hainbeste bider igo beharko dute Miñota. Ondoren, Muniketa birritan igoko dute, aurrealdetik behin eta atzealdetik beste behin.
Egun bi geroago Emakumeen Bira hasiko da Iurretan. Ondorengo hiru egunetan, Oñatin, Mungian eta Ataunen amaituko dira lasterketak. Bira irabazteko faborito nagusienetakoak Vos eta Johansson dira. Iaz Marianne Vos-ek irabazi zuen Durangoko klasikoa.
Leire Olaberria sasoi betean helduko da
Durango-Durango klasikoari eta zein Emakumeen Birari begira, sasoi betean dagoela erakutsi du Bizkaia-Durango taldeko Leire Olaberria ikaztegietarrak. Orain aste bi Gipuzkoako Itzulia irabazi zuen erakustaldia emanda eta joan zen asteburuan Euskaldun Torneorako puntuagarria zen Sopelako proban gailendu zen. Sopelan, lau txirrindulariko ihesaldian (Dorleta Eskamendi, Melanie Bravard eta Melodie Leseur-ekin batera) ondo baliatu zituen bere aukerak eta indartsu dagoela erakutsi zuen. Bizkaia-Durangok martxoan fitxatu zuen Olaberria eta pistatik errepidera ekarri zuen. Bizkaia-Durango ez zen izan Sopelan nabarmendu zen Durangaldeko talde bakarra; CAF Transport Engineering taldeko Maialen Aramendiak kadete mailako lasterketa irabazi zuen.
Agorria eta Argoitia Euskadiko selekzioagaz
Euskadiko selekzioak Durangoko klasikoan parte hartuko du eta taldea osatzeko aukeratutakoen artean Beste Alde Orue Eskolako txirrindulari bi daude:Olatz Agorria eta Goiatz Argoitia. Orain asteburu bi, Agorria zornotzarrak Euskadiko txapelketa irabazi zuen gazte mailan. Durangoko klasikoan parte hartuko duten gainerako lau txirrindulariak honako hauek dira: Eider Unanue (Caja Rural-Bide Bide), Nahia Dominguez (Caja Rural-Bide Bide), Paula Lanz (Zirauna-Iturribero) eta Arantza Dilla (Baqué-Ibinarriaga).