The Mocker's taldeak irabazi du Durangaldeko II. Maketa lehiaketa

Anboto 2014ko mai. 5a, 09:55

Orion Child eta Hozten taldeekin lehiatu zen The Mocker's hirukote durangarra eskualdeko Maketa lehiaketan, bariku gauean. The Mocker's taldeari eman zion epaimahaiak 1.500 euroko sari nagusia; Hozten taldearen 'Ke artean' izeneko kantak jaso zuen euskarazko abestirik onenaren 500 euroko saria; eta accesita (Zornotzako jaietan jotzea) Orion Child Abadiñoko taldeak.

 

2010ean sorturiko hirukotea da The Mocker's: aurretik Durangoko Cuarto Asalto taldean jardundakoak dira Gartzi eta Asier taldekideak, eta Elorrioko Old Glories taldean aritutakoa Ritxi.

2011an Anbotori eskainiriko elkarrizketan azaldu zutenez, "misterio handirik" bako hasiera izan omen zen The Mocker's-ena: "Rocka gustuko duten hiru gazte batzea ez da gaitza. Elkartu, proba egin eta ondo sentitu ginenez, aurrera jarraitu genuen".

Durangaldeko II. Maketa lehiaketara 26 talde aurkeztu dira. Bederatzi taldek lortu dute bigarren faseko kontzertuetan parte hartu ahal izatea; eta The Mockers, Hozten eta Orion Child izan dira hiru talde finalistak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!