The Mocker's: "Irabazi zein ez, udan diskoa grabatzeko asmoa geneukan"

Anboto 2014ko mai. 7a, 13:16
Durangaldeko II. Maketa Lehiaketa irabazi berri du Durangoko The Mocker’s hirukote rockeroak; taldearen proiektuez dihardute, besteak beste, Ritxi Blanco eta Jon Garcia taldekideek elkarrizketa honetan.

 

Zer balantze egiten duzue maketa lehiaketa honetan izan duzuen parte-hartzeaz?
Ritxi Blanco: Hasieran beldurra geneukan, ez genuelako uste ezer lortzeko aukerarik geneukanik: kontzertuetako bideoetatik hartutako audioak bidali genituen lehiaketara, kalitate askorik bakoak, eta, hala ere, hautatu egin gintuzten. Zuzenekoetan ondo atera zaigu dena.
Jon Garcia: Egia esan, ez geneukan gauza handirik lortzeko esperantzarik, maila oso altua egon delako lehiaketan.

Giro polita egon da lehiaketan?
J.G.: Oso giro ona egon da taldeen artean, baita finalean ere.

2011n maketa grabatzeko asmoa zeneukaten. Urteotan egin duzue grabaziorik?
R.B.: Dirua izan da arazoa. Zerbait duina grabatu ahal izateko diru asko behar da, eta orain arte ezin izan dugu nahi bezala egin. Aurrezten ibili gara diskoa grabatu ahal izateko, eta lehiaketa hau irabazi zein ez, udan grabatzera sartzeko asmoa geneukan. Beraz, ezin hobeto inbertitu ahal izango dugu saria.
J.G.: Azken bi urteak daramatzagu abesti berriak prestatzen.

Zelako kantak grabatuko dituzue lehenengo diskoan?
R.B.: Denetarik dago. Badaude oso zuzen eta rockeroak, bai baladak; badago beste kanta bat akustikoagoa, eta horretan Jose Antonio nire anaiak harmonika jotzen du; eta badaude beste abesti batzuk luzeagoak direnak, progresiboagoak.

Bakoitzak zer ematen dio taldeari hain batura potentea lortzeko?
R.B.: Asier jazz bateriako goi mailako ikasketak egiten dabil Iruñean, eta bera da perfekzionistena: hobetu guran beti.
J.G.: Ritxi oso elektrikoa da, kontzertuetan ez da momentu batean ere geldirik egoten. Rocker handia da. Bera da zuzenean gehien transmititzen duena: jendea gehien animatzen duena.
R.B.: Jonen ahotsak, aldiz, nortasuna ematen dio taldeari. Asko gustatzen zaigu zelan kantatzen duen, eta, gainera, asko handitu da agertokian. Bera da taldearen irudia, zelanbait.

Taldea heltzen, hobetzen doala nabari duzue?
J.G.: Asko igartzen dugu hori, bai. Teknikoki zein zuzenekoetan ere asko hobetu dugu.
R.B.: Gero eta argiago dakigu kanta batekin zer lortu gura dugun, eta beste gauza asko ere ikasi dugu talde lanean jardunda. Ikasi dugu elkar errespetatzen, zuzenekoetan urduriegi ez jartzen eta kontzertu bakoitza azkena balitz bezala gozatzen.

Ematen du kontzertuetan asko disfrutatzen duzuela.
R.B.: Jende askok komentatu izan digu hori: kontzertuetan asko gozatzen dugula dirudiela. Bizi egiten dugu jotzen dugun musika. Ogitartekoaren eta joan-etorrietarako gasolina gastuen truke edozein lekutara jotzera joateko prest gaude; horrexegatik, asko disfrutatzen dugulako zuzenekoetan.

Zuen hasierako kantuen eta azkenengo sortu duzuenaren arteko aldea zein da?
R.B.: Hasieran urgenteagoa zen dena: punk rocketik geunden gertuago, azkarragoak ziren kantak, eta ez genituen hainbeste pentsatzen. Uste dut progesio nahiko logikoa izan duela taldeak: findu egin dugu gure soinua. Gauza gehiago egiteko gai gara orain, bestelako erregistroekin bestelako kantak sortzeko gaitasuna garatu dugu.

Edozein musika estilo jorratzeko prest zaudete?
J.G.: Ez gaude genero zehatz batera mugatuta. Era askotako rocka egiten dugu: badauzkagu baladak, rock gogorragoko kantak...
R.B.: Gustuetan antzekoak gara hirurok, eta horrek asko errazten du dena. Adibidez, Led Zeppelin eta Deep Purple taldeen musika maite dugu.

Letrak zelan lantzen dituzue?
R.B.: Gehienetan neuk idazten ditut, eta saiatzen naiz kritikak, autokritikak eta ezinegonak metaforen bitartez adierazten. Bestalde, orain, lehen ez bezala, sentimenduez ere idazten dugu; baditugu desamodioari buruzko letra bi. Baina, musika da gure kanten abiapuntua: ondoren egiten diogu letra.

Letra bako zatiak edo letra bako kantak badituzue?
R.B.: Nahiko talde instrumentala gara, bai. Baditugu bi minutuko musika zatidun kantak. Izan ere, gure potentzial musikalean konfiantza handia daukagu.

Zuen adineko jendea joaten al da The Mocker’s entzutera?
R.B.: Egia da beste belaunaldi bateko musika dela guk egiten duguna. Nahiko undergrounda da gaur egun, ez da salgarria: erritmo arraroak dira, psikodelikoak... Nabaritu dugu musikaria edo oso musikazalea den jendea erakartzen dugula batez ere. Baina oso musikazalea ez den jendeari ere gustatzen zaio kontzertuetako gure ikuskizuna.

Zelan proiektatzen duzue taldearen etorkizuna?
R.B.: Musika egiten gozatzen jarraitzea, diskoa grabatu eta ahal beste jotzea. Eta, laster, Abadiñoko santrokazetan jotzea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!