"Guztiok norabide berberean aritzeak sektorea indartzea ekarriko luke"

Anboto 2014ko mar. 7a, 13:00

Urko Aristi euskarazko tokiko hedabideak, tartean ‘Anboto’, batzen dituen Tokikom elkarteko presidente izendatu berri dute; Euskal Telebistako eguraldi gizona izateaz gainera, urteak daramatza Nafarroako Mailope aldizkarirako lanean

 

Zelan hartu duzu kargu berria?

Gogotsu. Erronka handia da, baina inguruan sumatzen dudan energiak eta ilusioak aurrera egitera bultzatzen nau. Euskalgintza eta herrigintza, biak uztartzen ditu Tokikom-ek, eta horregatik asebetetzen nau. Eraikuntza horretan ezertan lagundu ahal badut, egin egingo dut. 

 

Noiz, zeinek eta zelan proposatu zizuten kargurako?

Mikelek berak egin zidan proposamena, eta ederki asmatu nola egin gainera. Euskal Herrian, oro har, baina Nafarroan bereziki badira hainbat proiektu interesgarri, eta arduraz eta koherentziaz jokatuta, ezin ezezkorik eman. 

 

Ez zenuen zalantzarik izan?

Bai, izan nituen. Batetik, nire lana eta ardura berria biak uztartzerik izango ote nituen, liberatu gabea izanda, nahikoa astirik izango ote nuen... Baina Mailopen 20 bat urtez aritu izan gara asteburuetan, hala nola, aldizkaria ateratzen, eta lanalditik aparteko lanak, militantziak eskatutakoak nolakoak diren badakit jada. Hitz potoloetan baino, egunerokoak erakutsi digu guri saretzearen beharra. Eta, bestetik, hain zuzen, jendeak goiko solairuarekin identifikatuegia ote ninduen... Azkenean horri buelta eman eta pentsatu nahi izan dut bi solairuetan arituta, bien arteko igogailuak erraztuko dituela horrek. 

 

Zein da Tokikomeko presidentearen erronkarik nagusiena?

Hazia erein dugu, eta zuhaitza ari da koskortzen. Orain enborra zuzentzen izango dugu lana, eta dagoeneko hasi diren fruituak bildu, haiei azukrea bota, eta konpota egin. Oinarriak ezarri ditugu. Bai sektoreak, bai erakundeek, onartu dute gure solaskidetza. Gure burua ezagutarazten aritu behar izan dugu bi urte hauetan, eta bide hori ereinda, orain etxe barrukoak ere txukunduko ditugu. 

 

Tokikomen sorreran ezarritako helburuak betetzen ari dira?

Bai, inolako zalantzarik gabe. Duela bi urte gauden puntuan egongo ginela esango baligute, beharbada ez genuke sinistu ere egingo. Sorrerako unean argi genuen denborak erakusten bazuen Tokikom alferrikakoa zela, ez genuela horretan jarraituko. Denborak erakutsi digu, ordea, zentzua izan baduela, eta uste genuen moduan, guztiz beharrezkoa dela. 

 

Zelan eman daiteke elkarlan hori, tokiko hedabideen aniztasuna kontuan izanda?

Ahulen arteko batasunaz eta indarraz aritzen gara gu maiz. Norberak berean dituen zailtasunak elkar hartuta gainditzen errazagoak direla, alegia. Auzolana. Hori gauzatzeko, egun, biderik eraginkorrena plataforma digitalarena dela uste dugu, beste euskarri batzuetan baino bideragarriagoa eta egingarriagoa dela uste dugulako. Eskualdekako atariak batuko dituen atari bakar batek aukera anitz ematen du: agenda bateratua, Euskal Herri osorako gida komertziala, albiste trukaketa... Gero norberak berean erabili ahalko dituenak, eta sarearen bidez, etxeko atetik harago ezagutarazi ahal dituenak. 

 

Plataforma berdinagaz hainbat webgune bultzatu dituzue, tartean ‘anboto.org’ berria. Beste batzuk etorriko dira?

Oraintxe bertan bost dira. Goiena, Uriola (Bilbo), Tolosako Ataria, Guaixe eta ‘Anboto.org’. Eta bai, horiek sortutako enbor beretik etorriko dira besteak... Hainbat saiakera badira han eta hemen, eta, besteak beste, balio sinbolikoa duten batzuk ere bai: Araban, Nafarroan... 

 

Tokiko hedabideen arteko eta maila nazionaleko euskarazko hedabideen arteko elkarlana ere bultzatu nahi duzue. 

Hori da bide bakarra. Alferrikako liskarretan aritu beharrean, guztiak ere norabide berberean ari garenez, batera arraun egitea. Sektorearen indartzea ekarriko du horrek. 

 

Euskadi Irratiarekin bezala, Euskal Telebistarekin ere antzeko zerbait egin daitekeela uste duzu?

Bai, noski! Telebistan beti prozesu guztiak geldoagoak izan ohi dira, mantsoagoak, baina irratikoak erakutsi du elkarkidetza posible bezain aberatsa dela. Nola, noiz eta non finkatzea baino ez da falta. Bi solairuen arteko igogailu horiek finkatu. Baldintza teknikoak konplexuagoak dira akaso telebistaren kasuan, baina egin egingo dugu. Ziur!

 

Zein da Nafarroan euskarazko tokiko hedabideen egoera?

Egoera zailean gaude Nafarroako komunikabideok. Ezin ahaztuko dugu jada batzuk itxi behar izan direla: Ttipi Ttapa telebista, Esan Erran irratia, Beleixe irratia... Eta beste batzuk kinka larrian gaude. Aurrean nor dugun badakigu: Nafarroako Gobernua. Gurea dena ukatu egiten digu, eta aspaldian diru-laguntzak kendu egin dizkigu. Baina, era berean, esango nuke horrek indartu eta sendotu egin gaituela. Gobernuaren enbidoari hordagoarekin erantzun diogu guk. Horrek batzera eraman gaitu, jabetu garelako horrela baino ez dugula aurrera egingo. Hamaikagarren makilakada jaso, eta, halere, borrokan jarraitzeko grina duen lagun asko da Nafarroan zorionez. 

 

Eguraldi kontuetan murgilduta zaude ETBn. Zergatik erakartzen du horrenbeste ikus-entzulea eguraldiak?

Bai lanerako, bai aisialdirako, ezinbestekoa dugulako eguraldiaren berri jakitea. Gure aldartean ere eragina izan ohi du. Eta, gainera, euskaldun guztiok badugu meteorologo txiki bat gure barruan... Eta tira, produktu txukuna egiten dugulako ere izango da akaso, ezta? [Barrez].

 

Hekimen, euskarazko hedabideen elkarteko parte ere bada Tokikom. Gustura?

Bai, oso. Hori da gure diskurtsoan eta gure asmoetan ongi gabiltzanaren adibide. Sareak josi behar ditugu, norabide guztietan, eta orduan eta elkargune izan, orduan eta aberatsago eta emankorragoa izango da gure lana. Hekimenen barruan badugu pisua, gainerakoek onartu dute gure solaskidetza, eta keinu politak izan dira, lehendakaritza gure esku uztearenaren modukoak. Bide onean goazela guztiok, alegia.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!