Abadiñotik Durangora mugitu da Topagunea. Euskaltzaleentzako toki erreferentziala dela, eta "leku egokian dagoenaren sentsazioa" dauka Mikel Irizarrek. Euskara elkarteen federazioa izan dena aro interesgarri batean dagoela nabarmendu du Topaguneko presidenteak. Euskaltzaleen Topagunea izenagaz birbataiatu dute federazioa. Elkarteen arteko lankidetza eta mugimendu izaera indartzeko lanean dabiltza Topagunea eta bertako bazkideak.
Urtebete pasatxotik zara Topaguneko presidentea. Zelan joan dira orain arteko hilabeteak?
Oso beteak. Presidentetza hartu nuen justu eraldaketa prozesu bat hasita zegoenean, eta lehenengo kongresuan egindako hausnarketak praktikara eroateko momentua zen. Aldaketarako eginbehar horiei eraldabideak deitu diegu. Azaroan bigarren kongresua egin genuen, eta adostasun handia egon zen erabakietan. Barne kohesioa landu dugu, eta hortik ateratako indarragaz, asko landu ditugu erakunde eta eragileekin harremanak. Prozesuarengatik erreferentzialtasuna irabazi dugula ikusi dugu, eta lokalaren inaugurazioan ikusi genuen, ekitaldi xumea izanda ere, erakundeetatik jende asko etorri zela. Euskararen inguruan lankidetza giroa sortu gura dugu. Liskar larregi egon da, eta ez daukagu indarrik sobera liskarretan ibiltzeko.
Eraldaketa hori zelan laburtuko zenuke?
Federaziotik mugimendura pasatu gura dugu. Gizartea aldatu den heinean, banakoago bihurtu gara, eta ahuldu egin dira lehen oso indartsu sortutako elkarteak. Konturatu gara egitura asko geneukala, eta indar gutxigaz egiturak mantentzea asko kostatzen da, egiturak mantentzen sekulako lanak egin behar direlako. Hausnarketa egin genuen, eta mugimendu izaera indartzeko zenbait gauzatan batuago egon behar garela ikusi zen. Euskaltzaletasunaren kontzeptua landu dugu. Garrantzitsua iruditzen zaigu hori: zalea euskaldundu egin behar da, eta euskalduna zaletu egin behar da. Momentu honetan, Topagunea bera ere Euskaltzaleen Topagunea legez izendatu dugu, eta elkarte bakoitza herrietako euskaltzaleen topagune izatea gura dugu; jendea interes komun baten alde batu, antolatu eta gauzak egiteko lekuak. Horrez gainera, barne komunikazioa, finantziazioa eta transmisioa lako gaiak landu ditugu.
Topaguneko 69 elkarteen artean denetarik egongo da.
Bai. Gure bazkideen artean dago Bilboko Zenbat Gara, kafe antzokiagaz, euskaltegiagaz, irratiagaz... baita Sondikan jaio berri den elkarte bat ere, xume-xume lehenengo urratsetan dabilena. Dibertsitate handia dago, eta hori aberastasun handia da. Batzuetan asmatu da belaunaldi berriak inplikatzen, besteetan ez hainbeste... Hor hasi zen hausnarketa. Aldi berean, jendeari zerbait egiteko gogoa pizten ari zaiola ikusten gabiltza. Tradizioz, zer edo zer egin gura bazen, lehen elkartea sortzeko lan burokratikogaz hasten zen prozesua, benetako egitekoa bigarren mailan geratuta. Beste bide batzuk ikusten gabiltza: elkarte bat sortzetik barik, norberaren neurriko jarduera batekin hasi, eta arrakasta badauka, motibazioa eta lan egiteko gogoa sortuko dira. Hortik elkarte berri bat sortzen bada, oso ondo.
Euskara elkarteetatik komunikabideak sortu ziren bere garaian, eta orain, Tokikom eta Hekimen lako guneak sortu dituzte.
Oso momentu polita bizi dugu. Bi krisi bizi dituzte komunikabideek: sektorearena eta ekonomikoa. Sektorean, aldaketa teknologikoen ondorioz, momentu honetan inork ez daki egunkari, irrati eta telebista tradizionalekin zer gertatuko den. Gainera, krisi ekonomikoak eragina izan du publizitatean, harpidetzetan, dirulaguntzetan... Komunikabideek aukera ikusi dute elkartu eta indarra ateratzeko. Orain urtebete, Tokikom enpresa sortzeko erabakia hartu zen, eta 30 bazkide gara orain. Paraleloan, euskal hedabideen sektore osoa batzen duen Hekimen ere sortu da. Tokikomen, digitalerako bateratze prozesuak egiten gabiltza. Itzelezko aukerak dira guretzako, eta euskal hedabide nazionalentzako ere bai. Euskal hedabideetan, EITBren euskal adarra hartuz gero, 1.000 profesional inguru dabiltza lanean. Elkarlanean ondo antolatuta lan egingo bagenu, edukiko genuke aukera Euskal Herriko komunikazio talde indartsuena izateko. Gaurtik ikusita ametsak dira, baina sarean eta lankidetzan ibiliz gero, euskarari sekulako indarra eman ahal diogu gizartean.
Elorrion bizi zara. Zelan sumatzen duzu Durangaldea euskararen arloan?
Elorrion Barriketan elkartea bertan behera geratu zen, baina badago gogoa, eta Durangaldean leku gehiagotan ere ikusi dugu hori. Gainera, euskaltzale askok lotzen du Durangaldea euskararekin. Azokagatik nagusiki, baina hemen daude Berbaro, Plateruena, Gerediaga, Ibaizabal... Badaude elementuak Durangaldean euskalgintzaren gune indartsu bat eraikitzeko. Horrelako guneak Gipuzkoan sortu izan dira, eta hemen ere badago aukera, badago eragileen dentsitate nahikoa. Gu inplikatu gaitezke horretan, izan gaitezke bazkide aktibo bat Durangaldearen alde. Aukera badago, eta aukerekin ilusionatzeko gaitasuna behar dugu. Ez dugu prozesu hori modu formalean hasi, baina giroa ikusten da eta ematen du posible izan daitekeela.