Hizkuntza Politikarako sailburuorde lanera bueltatuta, Jaurlaritzak euskararen arloan dituen lehentasunak, euskararen beraren egoera, dirulaguntzak eta Tokikom bezalako elkarguneak berbagai hartuta erantzun ditu galderak Patxi Baztarrikak.
Duela bi legegintzaldiko lanera bueltatu zara Jaurlaritzara. Oraingoak baino urte oparoagoak bizi izan zenituen orduan, diruari dagokionez. Zailagoa da egoera berrian lan egitea?
Gutxiagorekin gehiago egiten ahaleginduko gara, eta lehen egiten ziren gauzak beste era batera egin beharko ditugu orain. Elkarlana areagotu egin beharko dugu baliabideei etekin handiagoa ateratzeko. Baina dena ez da dirua. Esaterako, berrikuntza bat: euskarari zehar-lerroa onartuta, Jaurlaritzako sail bakoitzean euskara unitate bat sortuko dugu. Modu eraginkorrean bermatu nahi ditugu herritarrei aitortuak zaizkien hizkuntza eskubideak. Sail guztien inplikazio handiagoa lortu nahi dugu.
Zeri emango diozue lehentasuna?
Bi gauza nabarmendu ditugu. Batetik, helduen euskalduntzea jendarte elebidun orekatua lortzeko: 2013an, 2012an izan zuten finantziazio bera izango dute euskaltegiek, nahiz eta Jaurlaritzak %10 gutxiago eduki gastatzeko. Gainera, ikasleentzako dirulaguntzak berreskuratu ditugu 700.000 eurogaz, iaz Gobernuak ezabatu ondoren. Beste lehentasuna? Euskarazko hedabideak. Iazko kopuru berbera izango dute. Aurreko hiruzpalau urteetan, dirulaguntzak etengabe behera joan dira. Aurten, nahiz eta diru sarrerak txikitu, geratu egin dugu beherakada hori.
Zelan baloratzen duzu euskarazko hedabide ez publikoek Hekimen edo Tokikom bezalako elkarguneak sortu izana?
Oso garrantzitsuak dira euskarazko hedabide ez publikoak. Batetik, euskararen erabilera bultzatzeko, baina baita aniztasunari eusteko edo bultzatzeko ere. Horrek eskatzen du, hedabideak ahalik eta eraginkorrenak izatea, eta sinergiak eta elkarguneak sortzeko ahaleginak egitea. Jaurlaritzako aurrekontuan aurreikusita geneukan Tokikomekin bi urterako hitzarmena egitea, eta aurrekontua onartu ez denez, luzatutako aurrekontuan horretarako diru partidarik egon ez arren, aurkituko ditugu bideak aurreikusi genuen dirulaguntza izan dezan.
Administrazioaren eta Tokikom edo Hekimen bezalako elkarguneen arteko elkarlanean sinisten duzu?
Bai, ezinbestekoa da. Ez herri aginteek, ezta herri ekimeneko erakunde edo taldeek ere, inork ezin du bakarrik jardun. Ez da komeni, eta elkarrekin gauza asko egin ditzakegu. Eta, elkarlana hedabideen artean ere bai. Hedabideen kontsumitzaileak diren horien beharrak asetzeko moduko produktuak egin behar dira, beti kontuan izanda kontsumitzaileak askotarikoak garela. Kontsumitzaileentzako erakargarriak izango diren produktuak egiteaz gain, beharrezkoa da aniztasuna bermatzeko gauza izatea ere.
Euskara aurrera ala atzera doa?
Zalantzarik gabe, aurrera doa. Bereziki, EAEko errealitateagatik. Nafarroan euskarak izan duen bilakaera oso motela izan arren, eta Iparraldean atzeraka joan arren, euskararena hazkunde baten historia da. Horrek ez du esan nahi, ordea, euskarak etorkizun oparoa bermatuta daukanik. Erronka berriei modu txukun eta eraginkorrean erantzuten badiegu, aurrera egingo dugu. Munduan, hizkuntzak biziberritzeko ekimenei dagokienez, esku bateko hatzekin konta daitezke euskararen moduko kasu aurreratuak. Askok aitortzen dutena baino egoera hobea da euskararena, baina beste askok nahiko genukeena baino apalagoa.
Gazteen artean, ostera, ezagutza hazi egin bada ere, erabilera moteldu egin da, ezta?
Ezagutza handiagoa da erabilera baino, baina erabilera ere aurrera doa gazteen artean. Erabilera hori esparru formaletan hazi da bereziki, eta moteldu egin da esparru ez formaletan. Baina gazteen artean hazi egin da, gehienbat, erabilera. 15 urteko epean bikoiztu egin da. Nagusiki, hezkuntza sistemagatik. Egia da, hala ere, gaurko gazte euskaldunek ez dutela lehengoek baino gehiago erabiltzen. Arduratzeko datua da, baina ez larritzekoa. Gazte horien gehienen lehen hizkuntza, etxekoa, ez da euskara, gaztelania baizik; hori oso faktore garrantzitsua da.
Administrazioek, euskara elkarteek, hedabideek… lan egiten dute euskararen alde, baina jendarteak begirune txikiagoa dio euskarari?
Jendartea aldatu egin da, eta euskal hiztunak ere aldatu egin dira. Gaur egun, absurdoa da esatea 15 urteko gazte bati euskara zapalduta dagoela, ikasketa guztiak euskaraz egin baditu. Esan nahi dut, behar dela kontzientzia bat indartzea euskararen alde, elebidunok hautatu egiten dugulako zer hizkuntza erabili. Baina jendarte zabal honetan, kontzientzia ez da izango politikoa nahitaez. Beste era batekoa izan beharko du.