Euskal esparru komunikatiboa sendotzeko bidea proposatu du Tokikomek txosten baten

Anboto 2013ko aza. 27a, 13:12

Tokikom elkarteak abiarazi duen gogoeta aurkeztu dute, gaur, Aretxabaletako Kampusean. Mondragon Unibertsitateko ikerlariek landutako txostenean jaso dute gogoeta

Tokikom elkarteak abiarazi duen gogoeta aurkeztu dute, gaur, Aretxabaletako Kampusean. Mondragon Unibertsitateko ikerlariek landutako txostenean jaso dute gogoeta.

 

Hori  azaltzekoa aurkezpenean honako hizlari hauek jardun dute: Tokikomeko presidente Mikel Irizar, Mondragon Unibertsitateko irakasle Aitor Zuberogoitia eta Eneko Bidegain, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendari ohi Haritz Solupe, eta, Hekimeneko kide Alberto Barandiaran.

 

\"\"Komunikazioa da XXI. mendean "komunitategile nagusia" eta horregatik da horren "beharrezkoa" euskarazko komunikabideen sektore indartsua. Ideia hori defendatu dute aurkezpenean. Euskararentzat tresna ezinbestekoa dira "komunikabide eraginkorrak" ondorioztatu dutenez.

 

Metafora moduan, gogoetarako, etxearen irudia darabilte: Euskal Hedabideen etxea. Euskal komunikabideen bateragunea litzateke hori eta etorkizuna irudikatzea da asmoa; etxe hori eraikiz, bere egitura, solairu, atal eta korridoreekin.

 

Euskarazko toki hedabideak batu, artikulatu eta elkarlanean jartzen ditu Tokikomek. Euskarazko toki hedabideek osatzen dute elkartea, eta hortik abiarazi dute hausnarketa. 2013an egin dute ikerketa lana etan gaur aurkeztu dute txostena. Proposamen irekia da, euskal hedabideen sektoreari egiten zaiona.

 

Indarren batuketa horren haritik Mikel Irizarrek azaldu duenez, "sistema horrek Euskal Herrian beste inork antolatu ezin duen komunikazio talde indartsu bat emango luke emaitza lez". Euskararentzat "ezinbestekoa" dena hain zuze. Horrekin bat etorri dira gaurko hizlari guztiak.  Sistema horrek hiru hanka dituela azaldu du Hekimeneko Alberto Barandiaranek: "Hedabideen bultzadarekin, unibertsitateen bermearekin eta administrazioaren laguntzarekin".

 

Jaurlaritzako eta Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundietako ordezkariak ere izan dira aurkezpenean, entzule eta babes-emale moduan. Euskarak biziraungo badu, hedabideen eraginkortasuna azpimarratu du  Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako Sailburuordeak eta esan du, finantzazio bide egonkorrak aztertzen dabiltzala Jaurlaritzan. Horrek ere garbi ikusten du euskarazko hedabideen kontsumoaren eta gizartearen euskararen erabileraren arteko lotura estua eta horregatik dio herri agintariei dagokiela "eraginkorrak diren hedabideak bultzatzea". Zehaztu duenez, eraginkortasun hori kontsumitzailearen ikuspegitik aztertu behar da. Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara Zuzendariak, Zigor Etxeburuak, bere aldetik, nabarmendu du, lurralde osoari begiratuta, "euskaraz bizi diren herriak arnasgune" direla eta horretarako ezinbestekoak direla euskarazko komunikabideak.

 

Aurkeztutako hausnarketak ere fokua esparru eta maila guztietan ipintzen du. Hasierako irudikapenera itzulita, tokiko hedabideek, hain zuzen, metafora moduan erabiltzen duten Euskal Hedabideen Etxearen lehen soilairua osatzen dute Tokikom-en gogoetan. Bigarren solairuan hedabide nazionalak legokez. Goranzko zein beheranzko komunikazioa eta antolaketa, igogailua litzatekeena, egituratu gura dute hausnarketarekin.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!