Munduko Kopa goi mailan hasi ostean, hurrengo hitzorduak Euskal Herrian ditu Egoitz Murgoitiok.
Denboraldia indartsu hasi du Egoitz Murgoitiok (Hirumet-Orbea). Orain arte, Munduko Kopako lasterketa bi lehiatu, eta bietan 10 onenen artean sartzeko borrokan ibili da. Estreinakoan, 14. amaitu zuen Herbehereetan, eta joan zen asteburuan, 12. sailkatu zen Txekiar Errepublikan. Europako tour txiki horren ondoren, datozen asteetan Euskal Herriko lasterketetan zentratuko da.
Izan ere, alde batetik, ez du Munduko Kopako beste hitzordurik azaroaren 23ra arte (Belgikan, Koksijde herrian), eta, bestetik, hasi berria da ziklo-kroseko euskal egutegia. Zapatuan Laudioko lasterketa lehiatuko du, eta domekan Muskizkoa. Hurrengo asteburuan, aldiz, Elorrioko proban parte hartuko du.
Joan zen asteburuan, Txekiar Errepublikan, igoera eta jaitsiera askoko zirkuitu gogor batean, ez zen ondo hasi, nahiz eta, lasterketari hirugarren lerrotik ekin zion. Lehen kontrol gunetik 30. postuan igaro zen. Ordutik aurrera, atzetik aurrerako bidea hasi zuen Murgoitiok, aurkariak bata bestearen atzetik gaindituz. Onenen taldera heltzera zihoanean, Sven Nys belgikarra erori egin zen. Murgoitiok erorikoa saihestea lortu zuen, baina segundo baliotsuak galdu zituen. Azkenean, 12. sailkatu zen, hamargarren helmugaratu zen Enrico Franzoirengandik 11 segundora.
Munduko Kopako sailkapen orokorreko hamargarren tokian dago kokatuta abadiñarra.