Gaur, Abadiñoko Zelaieta Hotelean egin dute aurkezpena askotariko babesle eta laguntzaileekin batera. Taldeak txirrindulari bi ditu: Egoitz Murgoitio eta Jonathan Lastra. Biak Jon Zengotitabengoaren gidaritzapean ibiliko dira.
Egoitz Murgoitiok orain urte biko sasoi puntura heldu gura du berriro. Iaz, hainbat arrazoi medio, bere mailatik behera ibili zen. Aurten, aldiz, maila handian hasi du Munduko Kopa eta lehenengo lasterketa bietan hamar onenen artean sartzeko borrokan ibili da: “Inportanteak dira orain arteko emaitzak. Orain urte bi hainbat lasterketetan hamar onenetatik gertu geratu nintzen. Aurten maila horretara bueltatzea da helburua. Gainera, Munduko Kopako hurrengo lasterketak nire gustuko zirkuituetan dira, eta pauso bat aurrera ematea gura dugu”.
Aurtengo helburu nagusien artean hauek ditu: Munduko Kopako lasterketetan hamar onenen artean sailkatzeko borrokan aritzea, Euskadiko eta Espainiako Kopak eta Federazioen Kopa. Mailarik onenean abendu amaieratik urtarril erdialdera eskaintzea espero du, “orduan erabakitzen direlako lasterketarik garrantzitsuenak”
Jonathan Lastra ere oso pozik dago orain arte eskaini duen mailagaz eta aurrerantzean Bizkaiko, Euskadiko eta Espainiako Txapelketak eta Federazio Kopa izango ditu hitzordurik nagusienak.
Jon Zengotitabengoa izango da taldeko zuzendaria eta iaz lesioen eta arazo fisikoen ondorioz espero zen mailatik behera ibili ostean, aurten berriro taldea benetan eskaini dezakeen mailan aritzea espero duela adierazi du.
Ramon Madariaga Hirumeteko ordezkariak orain bost urte bulego batean ekin zioten proiektuak hartu duen nortasuna azpimarratu du. Orbea taldearen ekarpena ere eskertu du goi mailako mekanika duten bizikletak ahalbidetzen dizkietelako. Etorkizunari begira, posible dutenean, buruan proiektu bat baino gehiago darabiltela adierazi du, behe mailako talderen bat eta emakumeen taldea, esaterako.
Gaurko aurkezpen ekitaldian Jose Luis Navarro Abadiñoko alkateak eta Jose Luis Arrieta Euskadiko Txirrindularitza Federazioko presidenteak ere parte hartu dute.