TransGrancanaria ultra traila laugarren amaitu du Zigor Iturrietak. Bere esku ez zeuden hainbat gorabehera jazo zaizkio probako 119 kilometroetan. Hala ere, oso pozik dago: "Oso sentsazio onak izan ditut. Hogeita hamargarren amaitu izan banu ere pozik nengoke".
119 kilometro 15 ordutan osatu ondoren Zigor Iturrietak (Euba, 38 urte, Durangon bizi da) laugarren amaitu du asteburuko TransGrancanaria ultra traila. Aurten hilabete gutxiagoko prestaketagaz joan da eta horregatik, orain urte bi TransGrancanaria irabazi zuen eubarrak proba ohi baino lasaiago hartzea erabaki du hasiera-hasieratik.
Ultra trail "aldrebesa" izan zela dio Iturrietak, ezusteko bati baino gehiagori aurre egin beharra izan duelako. Esaterako, 35. kilometroan Aitor Leal irundarra aurkitu zuen, gauez eta argi barik, frontala apurtu zitzaiolako. Ondorioz, beragaz egin zituen sei bat kilometro, kontrol gune batera heldu ziren arte. Gauez euriak eta haize boladek zaildu egin zuten parte hartzaile denen jarduna.
Ondoren, 80. kilometroan Santiago Obaya asturiarragaz eta Yeray Duran kanariarragaz bat egin zuen, biak ere Iturrietaren lagun onak. Hirugarren posturako borrokan zebiltzan. Iturrietak esan zien berak ez zuela hirugarren amaitu gura, hegazkina hartu behar zuelako eta ezin zelako sari banaketara geratu. Azkenean, hiruren artean berba egin eta podiumeko azken postua Yeray Duranentzako utzi zuten. Baina hiruen abenturak ez ziren hor amaitu. Durani ahulaldia sartu zitzaion eta errekuperatu zenean, Obaya izan zen indargabe geratu zena. Iturrieta eurekin joan zen uneoro. Azkenean, hiruak elkarrekin zeudela eta helmugarako kilometro biren faltan, Duran aurrera bidali zuten eta hirugarren helmugaratu zen. Ondorioz, laugarren eta bosgarren sailkatu ziren Iturrieta eta Obaya.
Iaz denboraldi “txarra” osatu ondoren, entrenatzailea aldatu eta duda dezentekin joan zen Iturrieta Kanariar Irletara. Emaitzaz haratago, oso pozik dago probak utzitako sentzazioekin: “Hogeita hamargarren geratu banintz ere oso pozik nengoke. Gozatu egin dut proban. Denboradiari ekiteko modu perfektoa izan da”. Akatsetatik ikasi egin du eubarrak: “2011n akatsak egiten nituen, baina lasterketak ere irabazten nituenez, aurrera egiten genuen. Iazkoa denboraldia txarra izan zen. Horrek hausnarketa egitera bultzatu gintuen eta asmatu dugula ematen du. Horregatik nago hain pozik”, adierazi du North Face taldeko korrikalariak.
Hurrengo hitzordu serioak maiatzean izango ditu: Las Palmasko (Kanariar Handian) Transvulcania proba lehenengoa, eta Zegama-Aizkorri, ondoren. Bitartean luzera txikiagoko lasterketa batzuetan parte hartzeko asmoa du prestaketa osatzeko.
TransGrancanaria ultra trailean Iurretako Zaldai mendi taldeko Iban Uribetxebarria, Gorka Ingunza eta Liher Aiartzaguenak ere parte hartu zuten eta hirurek lortu zuten proba amaitzea.
TransGrancanaria ultra traila; sailkapena (119 km)
- 1- Chaigneau Sebastien.................................. 14.05.53
- 2- Oier Ibarbia.................................................. 14.30.53
- 3- Yeray Duran................................................. 15.03.24
- 4- Zigor Iturrieta................................................ 15.04.28
- 5- Santiago Obaya............................................ 15.04.28