Zornotza Mendi Taldeak irteera berezia eratu du otsailaren 24rako. Zigor Iturrieta mendiko korrikalariagaz batera Urkiola zeharkatzea proposatu dute.
30 kilometroko ibilbidea izango da, Otxandiotik Zornotzara. Goizeko 07:30ean Zornotzan elkartuko dira lasterkariak, eta autobusez joango dira Otxandioraino. Norberak eroan beharko ditu ura, jatekoa eta beharrezko beste gauzak.
Antolatzaileek azaldu dute erritmo lasaian egingo dutela korrika. Laster hasiko da mendi lasterketen denboraldia, eta horren aurretik taldeko irteera bat egin gura izan dute. Iturrieta ibilbide luzeetako mendi korrikalaria da, eta gaur egun, The North Face taldean dabil. Ultratrailei dagokienez, onenen artean dago mundu mailan.