Barakaldoko duatloian bigarren eta hirugarren sailkatu dira, asteburuan, Oier Ariznabarreta eta Ekaitz Kortazar. Gorka Bizkarrak hirugarren amaitu du Galizanoko (Kantabria) duatloia.
Hirurak Mugarra triatloi taldeko kideak dira. Oier Ariznabarreta azken unera arte irabazteko borrokan aritu zen, baina esprintean indartsuago azaldu zen Extrem Zornotza taldeko Iurgi Etxeandia (0.55.39). Irabazlearengandik segundo bira (0.55.41) helmugaratu zen durangarra. Ekaitz Kortazar berriztarra hirugarren sailkatu zen (0.56.24). Duatloilariek osatu beharreko lana honako hau izan zen: 5 kilometro korrika, 19 bizikletan eta beste 2,5 kilometro korrika.
Gorka Bizkarrak podiumera igotzea lortu zuen Galizanon (Kantabria), parte hartzen zuen denboraldiko lehen duatloian. Korrikako lehen sektorea 19.21-eko denboran osatu ondoren (3.13 minutu kilometroko, batez beste), laugarren postuan igo zen bizikleta gainera. Aurretik zituen Manu Pando eta Felix Martinez ez zituen helmuga zeharkatu arte ikusiko, baina hirugarren zihoana harrapatu eta atzean utzi zuen. Atzetik indartsu zetozen beste duatloilari batzuk ere batu zitzaizkion eta dneek taldetxo batean ekin zieten korrika egin beharreko azken hiru kilometroei. Erritmo bizia ezarri eta Borja Juberagaz bakarrik geratu zen azken txanpari aurre egiteko. 500 metro falta zirela erasoa jo, Jubero atzean utzi eta bakarrik helmugaratu zen hirugarren tokian. Gainera, azken hiru kilometroetako partzialik onena egitea lortu zuen. Duatloia Manu Pandok irabazi zuen Felix Martinezen aurretik. Martinez berriro itzuli da urte bian konpetizioa utzita izan ondoren.