Ariznabarreta berriz garaile Durangaldeko Maratoi Erdian

Anboto 2012ko urr. 31a, 08:30

Durangaldeko Maratoi Erdia burutu zen asteburuan Urkiolako parke naturalean eta Oier Ariznabarreta durangarrak 1.19ko denborarekin irabazi zuen gizonezkoetan. 11 kilometroko lasterketa laburragoan eta emakumeetan, Maite Unzueta berriztarra izan zen garaile 52.52ko denborarekin.

Durangaldeko Maratoi Erdia burutu zen asteburuan Urkiolako parke naturalean eta Oier Ariznabarreta durangarrak 1.19ko denborarekin irabazi zuen gizonezkoetan. 11 kilometroko lasterketa laburragoan eta emakumeetan, Maite Unzueta berriztarra izan zen garaile 52.52ko denborarekin.

 

200 korrikalarik hartu zuten parte eta bi lasterketa burutu ziren, bata 11 kilometrokoa eta bestea maratoi erdia, Abadiño, Otxandio eta Aramaio herrietatik. Urkiolako santutegitik irten ziren korrikalariak eta egindako euriraren ondorioz, lupetzez eta ur putzuz beteriko ibilbidea izan zen. Tenperaturak ere ez ziren 10 gradura iritsi.

 

Ariznabarreta durangarrak iaz ere garaipena lortu zuen Durangaldeko Maratoi Erdian 1.16ko markarekin. Aurten minutu batzuk gehiago behar izan ditu lasterketa burutzeko, hala ere, garaipena argia izan zen, ibilbidearen bigarren zatian egindako esfortzuari esker.

 

Emakumezkoetan Kaoutar Boulaid marrokiarra izan zen irabazle, bera zen garaile izateko faboritoa eta 1.34ko denborarekin lortu zuen lehen postua. Iaz, Iraia Garciak irabazi zuen eta marrokiarrak baino denbora hobea lortu zuen: 1.31ko denbora erabili zuen lasterketa burutzeko.

 

Iñaki Lopez de Guereñu eibartarrak irabazi zuen 11 kilometroko lasterketa gizonezkoetan eta Maite Unzueta berriztarrak emakumezkoetan, 42.13 eta 52.52ko denborekin, hurrenez hurren.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!