Valladolideko Ican Half triatloiko lehenengo aldia irabazi du iurretarrak.
300 parte hartzaileren artean, Gurutze Frades iurretarra (Mugarrra triatloi taldea) eta Eneko Llanos gasteiztarra izan ziren onenak. Frades hirugarren tokian irten zen uretatik. Bizikletan lan bikaina osatu eta lehenengo postuan ipini zen. Korrikako tartean erakustaldia eskaini zuen eta 20 kilometroak 1.25.39an osatu zituen, bigarren denborarik onenak baino hamar minutu azkarrago. Azkenean, 4.33.48ko denboragaz helmugaratu zen. Ester Leal bigarrenari 16 minututik gorako aldea atera zion (4.49.27). Sailkapen nagusian 15. sailkatu zen. Probak honako ezaugarriak izan zituen: 1,9 kilometro igerian, 86 bizikletan eta 20,9 korrika.
Ican 52 distantzian (1,9 igerian, 46 bizikletan eta 10 korrika) Mugarra triatloi taldeko Roberto Corujo laugarren sailkatu zen sailkapen orokorrean eta hirugarren 30 urtetik gorako kategorian (2.29.50). Distantzia horretan irabazi zuen Javier Barraganengandik zazpi minutura helmugaratu zen.
Mugarra triatloi taldearen jarduna Unai Urienek (22 urte, Durango) borobildu zuen 23 urtez azpikoan bigarren sailkatuta (2.53.49). Uretatik 15. postuan irten zen Urien. Bizikletako ibilbideak ez zuen konplikazio handirik, baina haizea bolada indartsuek jarduna zaildu zieten parte-hartzaileei: "Oso luze egin zitzaigun askori bizikletako saioa. Bizikletatik apur bat ikututa jaitsi nintzen", onartu du durangarrak. Korrikako tartean indarrak neurtu zituen. Liderra urrun zihoan eta bigarren postuari eutsi zion helmugarra bitartean: "Oso pozik nago bigarren postuagaz. Aipamen berezia egin gura diet nire taldeko kide eta nire entrenatzaile den Roberto Corujori. Sailkapen nagusian laugarren postuan bukatu zuen eta bere mailako hirugarren sailkatu zen podiumera igota. Baita ere, nola ez, zorionak Gurutze Fradeseri. Asteburu ahaztezina pasatu genuen hirurok".
Urien orain urtebete eskas hasi zen triatloiak lehiatzen eta irailean bere lehenengo distantzia erdiko triatloia egin gura du (1,9 km igerian, 80 km bizikletan eta 21 korrika). Guadalajaran izango da. Valladolideko triatloia eta abuztuan Castron lehiatuko duena prestaketa moduan erabiliko ditu: "Uda osoa izango dut Guadalajarako hitzordua prestatzeko eta oso motibatuta nago distantzia hori egiteko".