Podiumean hasi du Kilometro Bertikalen Espainiako Kopa Ariznabarretak

Anboto 2012ko api. 23a, 14:29

Aragoiko lasterketan hirugarren sailkatu zen Oier Ariznabarreta durangarra

Aragoiko lasterketan hirugarren sailkatu zen Oier Ariznabarreta durangarra.


Kilometro Bertikalen Espainiako Kopa hiru lasterketek osatzen dute. Horietako lehenengoa asteburu honetan jokatu dute, Aragoiko Sabiñanigon, eta hirugarren sailkatu da Oier Ariznabarreta. Lehenengoen artean aritzea itxaroten zuen, baina hirugarren amaitzea “sorpresa atsegina” izan dela onartu du: “Bizi hasi nintzen, biziegi beharbada, eta azkenengo metroetan sufritu egin nuen. Gainera, goialdean elurra izoztuta eta lokaztuta zegoen, arriskutsu, eta bastoien laguntzagaz aritu beharra zegoen. Oro har, oso pozik nago hirugarren postuagaz”. Munduko txapelduna hainbat bider izan den Jesus de la Morenaren aurretik eta aurten eskiko hainbat trabesia osatu dituen Miguel Cavalleroren aurretik geratu zen, besteak beste.


Lasterketa Luis Alberto Hernandok irabazi zuen eta Agusti Roc sailkatu zen bigarren.


Ariznabarretak Espainiako Kopa osatzen duten hiru lasterketetan parte hartzeko asmoa du. Hurrengo proba ekainean izango da, Kataluniako Ribagorzan (Cara-Amon).  Lasterketa horretan munduko txapelketa ere jokoan egongo da.


Bestalde, durangarrak Urnietako maratoi erdian ere parte zuen asteburuan eta bigarren sailkatu zen Imanol Goñiren atzetik.


Maiatzaren 5etik 6rako asteburuan, mendi maratoien Espainiako Txapelketan parte hartuko du Euskadiko Selekzioagaz. Azkenengo urte bietan taldekako sailkapena irabazi egin dute eta aurten txapelketa hirugarren bider irabaztea dute helburu.

 

\"\"

 

 

 

 

 

 

 

 

 

\"\"

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!