"Zegama-Aizkorriren pare izango da Anboto Bertikala apurka-apurka"

Anboto 2011ko urr. 6a, 08:54

Oihana Azkorbebeitia (Abadiño, 30 urte) eta Oier Ariznabarreta (Durango, 28 urte) izan dira Durangaldeko ordezkari onenak Anboto Kilometro Bertikalean. Azken horrek Euskadiko Txapelketa irabazi du

Oihana Azkorbebeitia (Abadiño, 30 urte) eta Oier Ariznabarreta (Durango, 28 urte) izan dira Durangaldeko ordezkari onenak Anboto Kilometro Bertikalean. Azken horrek Euskadiko Txapelketa irabazi du

 

Zuk Oier 40.33ko denbora behar izan zenuen lasterketa osatzeko; zuk Oihana 51.15ekoa. Zelan baloratzen duzue zuen jarduna?

Oier: Etxekoak-eta irteeran zeuden ni animatzen, eta topera hasi nintzen. Ondorioz, Zabaletatik gora oinezean eta ahoa zabalik joan nintzen, justu, errekuperatu guran. Sentzazioei bakarrik erreparatuta, ez nintzen gustura ibili: bero handia, ahoa siku… Baina zazpigarren postuari eta denborari dagokionez, oso pozik nago .

Oihana: Ni oso pozik nago. Uztailean amaitu nuen denboraldia, eta Anbotoko lasterketa lasaitasunez hartu nuen. Beroagaz gehiago kostatzen zitzaidan eta hasieran apur bat itota ibili nintzen, baina apurka-apurka gora egin nuen.

 

Aurten lasterketa nazioartera zabaldu dute. Zer deritzozue?

Oihana: Nik ondo deritzot. Nazioarteko onenak etorri dira, baina aldi berean herrikoia ere izan da; inor ez dute kanpoan utzi, azken egunean oraindino bazegoen tokia izena emateko. Onenekin ikusmina ere handiagoa da.

Oier: Apurka-apurka Aizkorri-Zegama bat bihurtuko dela uste dut: sari inportanteak ematen dituzte, horrek atletak erakartzen ditu… Aurten giro itzela egon da, jende asko batu du.

 

Aurten lehenengoz Anboton erabaki da Euskadiko txapelduna, eta zeuk irabazi duzu, Oier.

Oihana: Txapeldun!

Oier: Oso pozik nago. Urte hasieran Euskadiko Txapelketa etxean jokatuko zela jakin nuenetik, egutegian markatuta izan dut egun hori. Entrenamendu onak eta gogorrak egin ditut, eta emaitza ona eman didate.

 

Kortazar hor egonda, emakumeetan gaitza zen pentsatzea Euskadiko txapelak beste jaberik izan zezakeenik.

Oihana: Banekien ez Oihanaren ez beste hainbaten kontra ez nuela  zereginik. Egia esan behar badut, azken unean enteratu nintzen Euskadiko Txapelketa jokoan zegoela. Nik beste helburu batzuk nituen; gora heltzea eta lasterketagaz disfrutatzea.

 \"\"

Oihana, orain urte bi egindako elkarrizketan komentatu zenidan parentesi bat egingo zenuela, baina harrezkero lasterketa askotan jardun duzu.

Oihana: Egia da, baina begira: oraintxe hasiko dut parentesi hori. Sei urte daramatzat arineketan, eta apur bat nekatuta dago.  Aurrerantzean lasterketetan parte hartzen jarraituko dut, baina nire erritmoan, konpromiso barik.

 

Oier, oraintsu Espainiako Lasterketa Bertikalean bigarren amaitu duzu, Jesus de la Morenarengandik zazpi segundora.

Oier: Pena izan zen. Anboto Kilometro Bertikalean minutu biko aldea atera diot, beraz, nire mendeku txikia hartu dut.

 

Zure unerik onenean zaude?
Oier:
Ez dut uste. Txirrindularitzan ibili nintzenean profesionelatara igotzeko ateetan geratu nintzen. Ikasketengatik utzi nuen. Aurten hasi naiz mendian serio.

 

Euskal Selekzioak denboraldi oso ona osatu du.

Oier: Giro ona dago,  lagun taldea gara, eta hori igarri egiten da. Lehiatzera goaz, baina ondo pasatzera ere bai.

 

Giro hori ez duzu faltan botako?

Oihana:  Arineketan ez, baina Eneko eta Kepa hautatzaileekin batera jarduteko asmoa daukat. Gustatu egiten zait mundu hori.

Oier:  Beraz, ez zaitut begi bistatik galduko...

Oihana:  Kostako zaizu!

 

Datorren urterako zer helburu duzu?

Oier:  Onenekin lehian ibili gura nuke, baina ez da erraza…

Oihana:  Ibili zintezke, duda barik, baina batzutan egiten dituzu egin beharrekoak! Anboton gora hasieratik topera irtetea ere! Lehenengo urtea ere bada... ikasiko du.

Oier:  Egia da, aurten hasi naiz lasterketa hauetan, eta ez nekien ondo zelan jokatu. Azkenerako apur bat ikasi dudala uste dut; indarrak gordetzen jakin behar da. Datorren urtean gorago ibiltzeko itxaropena daukat.

 

Euskal Selekzioa munduko onenen artean dago?

Oier: Onena da!

Oihana: Oierrek barrez dio, baina Italian lehiatutako lasterketa bateko ibilbidea laburtu egin zuten eguraldi txarragatik, eta gure ordezkariak galdu egin ziren bidean. Galdutako puntu horiengatik ez genuen irabazi taldekako Munduko Kopa. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!