ELA eta LAB sindikatuek patronalarekin akordiorako oinarria sinatu ostean, atzo erabaki zuten lau aste iraun duen greba bukatzea Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako eskola publikoetako jangeletako behargin pribatuek.
Gaur, bada, 90.000 eskola ume inguruk normal-normal bazkalduko dute berriz ere eskolan. Soldatak %97,5 parekatzea adostu dute sinadikatuek eta katering enpresek. Urratsez urrats egingo dute parekatze hori: %97,5 hori 2013-2014ko ikasturteko soldatetan nabarituko dute. Bukatzear dagoen ikasturte honetan %95ekoa izango da, hurrengoan %95,83koa, eta 2012-2013ko ikasturtean %96,66koa.
Iaz eta duela bi urte kobratu gabe utzitako zenbatekoak ere ordainduko dizkiete. Azken batean, atzo sinatutako hitzarmen horrek sei ikasturteko iraupena dauka: 2008-2009tik 2013-2014ra. Gurasoek eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak adostutako hemezortzi orduak hitzarmenean sartzea ere lortu dute. Aurrerantzean zerbitzua hobetzeko asmoz, ordu horiek langile guztien ohiko jardunean sartuko dituzte.
UGTk ez du onartu ELAk eta LABek sinatutako akordiorako oinarria, ez duela sakon aztertzeko astirik izan argudiatuta. CCOO aurka dago, eta iragarri du aldarrikapen propioak eramango dituela behin betiko hitzarmena adosteko bitartekariarengana joaten direnean