Mankomunitateak norabide aldaketa eman gura dio Berrizko belodromoaren proiektuari. Erakundeak lan-mahai batera deitu ditu Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta txirrindularitza federazioak, proiektuaren bideragarritasuna, finantzaketa eta erakundeen arteko adostasuna definitzeko. Izan ere, Durangaldeko instituzio publikoak esan du bera eta Aldundia elkarlanean aritu direla belodromoaren etorkizuna aztertzen, eta ondorio berera ailegatu direla biak: "Beharrezkoa da proiektua berriz planteatzea, dimentsio ekonomiko erreal eta bideragarri batera egokituz eta faseka garatuz", esan du Mankomunitateak.
Instituzio horretako arduradunek diotenez, aurreko legegintzaldian idatzitako proiektuak "6,8 milioi euroko kostua" aurreikusten zuen, eta "ez zuen bideragarritasun azterketarik, ez kudeaketa eredurik, ezta finantzaketa bermaturik ere". Hori dela eta, Mankomunitateak proiektu hura "errealitatera" eta "dimentsio ekonomiko erreal eta bideragarri batera" egokitu gura du. Gainera, proiektu hura gauzatzeko epeak amaitu direla eta, Mankomunitateak 1,5 milioi euroko dirulaguntza bueltatu beharko dio Aldundiari. Hala ere, argitu dutenez, "horrek ez du esan gura finantzaketa galdu denik": "Izan ere, Bizkaiko Foru Aldundiak dagoeneko helarazi dio Mankomunitateari bere ekarpen ekonomikoari eusteko borondatea, proiektuaren planteamendu berrira egokitutako deialdi baten bidez".
Mankomunitateak iragarri du hurrengo pausoa "belodromoaren etorkizuna zehaztea" izango dela, "erakunde guztien artean adostuta". Horretarako deitu ditu lan-mahaira, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritza, Aldundia eta txirrindularitza federazioak. Idoia Otaduy Mankomunitateko lehendakariak kudeaketa arduratsua aldarrikatu du: "Gure helburua da datozen hamarkadetarako proiektu sendo bat uztea. Txirrindularitzarentzat erabilgarria izango den belodromo bat nahi dugu, erakundeentzat jasangarria eta benetako akordioetan oinarritua".