Durangaldeko EAJk mozio bat aurkeztu du Mankomunitatean Marino Lejarreta belodromoa berritzeko eta estaltzeko proiektua "lehenbailehen" martxan jartzea eskatzeko. Mozio hau gaur arratsaldeko plenoan eztabaidatuko da. Aurretik, gaur goizean, prentsaurreko bat eskaini dute mozioaren edukia eta arrazoiak azaltzeko. Eskualdeko alkate eta alkategaiak ez ezik, txirrindularitza munduko hainbat aurpegi ezagunek bat egin dute deialdiarekin, hala nola, Raul Mena belodromoko arduradunak eta Marino Lejarreta, Igor Anton, Iban Mayo, Julian Gorospe, David Etxebarria, Pedro Horrillo, Alberto Leanizbarrutia, Mikel Pradera eta Ziortza Isasi txirrindulari ohiek.
Orland Isoird Berrizko alkateak hartu du hitza lehenengo eta esaldi batean laburbildu du prentsaurrekoaren zergaitia: "Gaur ez gatoz ideia berri bat aurkeztera. Hiru urte zain daramatzan proiektu bat gauzatu dadin eskatzera gatoz".
Segidan proiektua testuinguruan kokatu du. Isoirdek azaldu duenez, proiektua 2021-2024 plan estrategikoan diseinatu zen, EAJ Mankomunitateko buru zela. Aldi berean 2025era bitarteko inbertsio plan bat onartu zen. "Plan horretan jaso zen Mankomunitateko gerakinetik 1,5 milioi euro baliatzea proiektua aurrera eramateko. Aldundiak beste 1,5 milioi jarri zituen mahai gainean. Gaur egun diru hori Makomunitatean dago", azpimarratu du. Ondoren, proiektua idatzi eta 2025eko irailean aurkeztu.
"Faseka, guztiz bideragarri egiteko"
Proiektua "hiru fasetan banatuta" zegoela azpimarratu du Isoirdek, "guztiz bideragarri egiteko". Lehen faseak belodromoa estalkia, perimetroaren itxiera eta sarbideetako lanak aurreikusten ditu 3,5 milioi euroko kostuarekin. "Guretzako hau da faserik garrantzitsuena, badakigulako zer nolako arazoak dauden mantenu aldetik. Gainera, ondorengo faseak egiteko sinergiak batuko lituzke". Bigarren fasean barruko azpiegiturak hobetuko lirateke 1,5 milioi eurogaz eta hirugarrenean, 1,8 milioi eurogaz, egurrezko pista jarriko litzateke, UCIren homologazioa lortuz.
"Belodromoaren etorkizuna "arriskuan"
Mireia Elkoroiribe Durangoko alkateak azpimarratu duenez, "ez gatoz kritika politikoa egitera, baizik proposamen zehatz bat egitera". Belodromoko lanak "lehenbailehen" eta "modu urgentean" lizitatu ezik bere etorkizuna "arriskuan" dagoela dio. Horregatik "hitzetatik ekintzetara" pasatzeko eskatu dio Mankomunitateari. Gogoratu du Aldunditik jasotako 1,5 milioiko diru-laguntza "jokoan" dagoela eta "oso arduratuta" daudela.
Raul Menaren "frustrazioa"
Eguneroko erabilerari dagokionez, Raul Mena Berrizko belodromoko arduradunak bere "frustrazioa" agertu du Mankomunitateko azken oharraren inguruan. Bertan, Mankomunitateak Aldundiari eskatzen dion Berrizko belodromoaren lidergo instituzionala hartzeko. "Edo oraintxe bertan hartzen da erabaki bat ala neguan ezingo dugu belodromoa ireki. Ez dira segurtasun baldintzak betetzen eta kirolariak arriskuan jartzea litzateke", adierazi du. "Egoera honetan aurrera jarraitzeko borondate irmo bat ikusi beharko genuke".
Menak gogorarazi du instalazio hau funtsezkoa dela harrobiko gazteentzat zein goi-mailako kirolarientzat. Gainera, fase guztiak gauzatuz gero, Berrizkoa izango litzateke egurrezko pistadun belodromo bakarra penintsula osoan.
Azkenik Marino Lejarretak adierazi du neguan entrenatzako edo eta gazteak teknikoki trebatzeko azpiegitura inportantea dela belodromoa.