Berrizko belodromoa estaltzeko auziak bira berri bat izan du azken orduotan. Duela egun batzuk, Bizkaiko hainbat txirrindularik azpiegitura "lehenbailehen" estaltzea eskatu zioten Mankomunitateari. Eta, orain, azken horrek iragarri du Bizkaiko Foru Aldundiari planteatuko diola belodromoaren "lidergo instituzionala" hartzea. Mankomunitatea eta Bizkaiko Foru Aldundia gaur dira batzekoak, hain zuzen ere, eta Durangaldeko erakundeak iragarri du gaur bertan egingo diola proposamena Aldundiari: "Bere ezaugarriengatik eta izan dezakeen erabilerarengatik, Bizkaia osorako erreferentziazko azpiegitura bihurtu daiteke [belodromoa], eta, ondorioz, haren etorkizuna ezin da soilik Durangaldearen gaitasun ekonomikoaren ikuspegitik aztertu", arrazoitu du tokiko erakundeak. Izan ere, Mankomunitatearen iritziz, "Aldundiak proiektua estrategikotzat jotzen badu Bizkaiko txirrindularitzaren etorkizunerako, lidergo instituzional handiagoa hartu beharko luke, bai inbertsioan, bai etorkizuneko kudeaketa ereduan".
Mankomunitatearen arabera, kirol azpiegitura estaltzeak 6,8 milioi euroko inbertsioa izango luke, eta kopuru horretako 3,5 milioi Durangaldeko instituzioak berak hartuko lituzke bere gain. Alabaina, konpromiso ekonomiko horrek erakundearen finantza gaitasuna eta zerbitzu publikoei erantzuteko aukera "modu oso nabarmenean" baldintzatuko lituzkeela-eta, Aldundiari proposatuko diote haren "lidergoa" hartzea. Halaber, Mankomunitateak jakinarazi du azken egunetan eskualdeko alkateekin batu dela "etorkizuneko aukeren eta erronken inguruko hausnarketa partekatua" egiteko. Mankomunitatea "prest" agertu da "bere neurrian laguntzeko" eta proiektuaren garapenean parte hartzeko, "betiere erakundearen gaitasun ekonomikoarekin eta zerbitzu publikoen bermatzearekin bateragarria den esparru batean". Era berean, Durangaldeko txirrindularitza klubek, kirol elkarteek eta erabiltzaileek urteetan egindako lana eta belodromoak eskualdeko kirol eta harrobiarentzat izan duen balioa aitortu dute.