Gu Ta Gutarrak

[BIDEOA]: "Inderko greba mugarri izan zen eskualdeko langileriarentzat"

Ekaitz Herrera 2024ko urr. 18a, 08:32

1960tik aurrerako industrializazioan, Eibarko eta Ermuko ibarrak txiki geratu ziren hango tailerren zabalkundearentzat, eta handik kanpora topatu behar izan zituzten kokaleku berriak. Hori dela eta, asko izan ziren Ego ibarretik Durangaldeko ibarretara etorririko enpresak. Euretariko bat Berrizko Inder izan zen. Enpresak Eituako industrialdean lur hartu zuen eta han dago oraindino ere, zutik, nahiz eta gaur egun enpresa zarratuta egon. Lantegiko beharginak eskualdeko historian izandako grebarik garrantzitsuenetariko baten parte aktibo izan ziren frankismoaren azken aroan, 1974an. Matias Oregi izan zen grebalarietariko bat. Urte hartako maiatzaren 15etik aurrera, Oregik eta bere lankideek 40 eguneko lanuztea egin zuten.

Inder enpresaren parean egin dugu hitzordua. Zer sentipen nagusitzen zaizu behinola lantoki izan zenuen enpresa gertu-gertutik ikusita?

50 urte dira hemendik irten nintzela, eta nire oroitzapenak ez dira ahaztu urte hauetan guztietan. Oroitzapen onak eta eskasak ditut. Hamar urte egin nituen hemen beharrean, gorabeherekin, eta hemen gertaturikoak aldaketa eragin zuen nire bizitzan. Asko ikasi genuen. Nire kasuan, erabaki inportante bat hartu nuen lanpostua galduko nuen jakitun.

Zer ekoizten zenuten?

1970eko hamarkadan, Inder oso enpresa inportantea zen Berrizen. 148 langile zituen. Automozioaren arloan lan egiten genuen, eta akorduan daukat gure azken urteetan baserriko traktoreentzako piezak ere egiten genituela. Barreiros, Tempo, Fabisa... Desagerturiko markak dira. Eurentzat lan egiten genuen. Bestalde, guk hemen egindako azken urteetan Chrysler etxeagaz ere lan egiten genuen, eta Motor Ibericagaz ere bai. Lan ugari zegoen hemen.

Aurten 50 urte bete dira Inderren Durangaldeko langile grebarik garrantzitsuenetariko bat egin zenutenetik. Tartean zeunden zu zeu.

1973an, greba egin baino urtebete lehenago, hainbat aurrekari egon zen. Batetik, lau kaleratze egon ziren. Bestetik, langileoi Bizkaiko metalaren hitzarmenak markaturikoa baino %20 gehiago ordainduko zigula onartu zuen enpresak. Akordio hark urte biko iraupena zuen, eta, lehenengo urtean enpresak berba bete zuen arren, bigarrenean ez zuen bete. Ezezkoa eman zigun. Orduan, grebara jo genuen. Nire bizitzako lehenengo greba izan zen, eta meatzaritza arloan lan egindako lankide batzuk kenduta, lehenengo lanuztea izan zen gehienontzat. Gutariko asko ez ginen kontziente 40 egunez egongo ginela greban.

"Gutariko asko ez ginen kontziente 40 egun egingo genituela greban"

 

Zelako egunak izan ziren?

Oso gogorrak. Langile guztiok arau moduko bat hartu genuen oinarritzat greba egiteko. Denok batera, esan genuen. Eta, horretarako, borrokarako molde berriak sortu genituen. Batetik, erabakiak bileretan hartzen genituen. Bestetik, langileen ordezkaritza komitea sortu genuen, enpresaren aurrean talde horrek egin zitzan negoziazio lanak. Eta, azkenik, erresistentzia kutxa bat sortu genuen, langile askorentzat jasangaitza izan zitekeen-eta lanuztea. Sasoi hartako 500.000 pezeta batu eta baldintza batzuk ezarri genituen dirua zelan banatu erabakitzeko. Adibidez, umeak zituztenak lehenesten genituen, ezkongabe zeudenak zelan edo halan moldatuko zirelakoan. Horiek guztiak erabaki inportanteak izan ziren. Eta zein izan zen enpresaren erantzuna? Guardia Zibilari deitzea. Egunero-egunero enpresara etortzen ginenean, Guardia Zibila izaten genuen aurrean. Eta zer egin genuen horren aurrean? Errepidean zehar ibili. Horri eskerrak, jendeak gure grebaren eta mobilizazioen berri izan zuen.

40 egun joan eta gero, zelan amaitu zen greba?

Diru kontuak konponduta zeuden amaierarako. Hau da, enpresak soldatak igotzea eta ordainsariak zehaztea lortu genuen. Baina, jakina, enpresak ere bere konpentsazioa bilatzen zuen eta beharginak kaleratuko zituela jakinarazi zigun. Hasieran, hamar langile kaleratuko zituela esan zigun. Gero, zortzi. Azkenean, bi. Orduan, erabaki bat hartu genuen bileran. Batzuek lanera bueltatzea erabaki zuten. Beste batzuok enpresagaz kaleratzea adostu eta paperak egitea erabaki genuen. 51 langilek erabaki zuten kontuak egin eta enpresatik alde egitea.

"Ikasgaietariko bat asanblada batean egotearen garrantziaz jabetzea izan zen"

 

Inderko grebak ikasgairik utzi zuen Durangaldeko langile mugimenduarentzat?

Bai, Inderko grebak hainbat ekarpen egin zion Durangaldeko langile mugimenduari. Enpresa askotako langileek komiteak sortu zituzten. Sasoi hartako errepresioagaitik komite horiek klandestinoak izan behar zirela ikasi genuen. Erresistentzia kutxa bat sortzea tresna inportantea izan zitekeela ikasi genuen. Beharbada, ikasgairik inportanteena asanblada batean antolatuta egotearen garrantziaz jabetzea izan zen.

Langile mugimenduan ibiltakoa lehen, pentsiodunen mugimenduan buru-belarri orain. Inderreko grebak isiotu zizun konpromiso sozialerako sena?

Gaztetan hasi nintzen halako mugimenduetan. Elizatik urruntzen hasita nengoen eta banuen kontzientzia politiko bat. Baina gauza bat da kontzientzia eta beste bat da borroka. Eta hemen gertaturikoa benetako esperientzia izan zen langile borrokari dagokionez. Beste hainbategaz elkartuta gauzak lortu daitezkeela erakutsi zidan.

Erlazionatuak

Efemeride baterako irudiak

Ekaitz Herrera urr 18 Berriz

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!