INDERKO GREBA

"18 langile atxilotu eta galdekatu gintuzten"

Ekaitz Herrera 2024ko urr. 18a, 08:30

Duela 50 urteko testuinguruak goitik behera baldintzatu zuen greba giroa. Erregimen frankistak errepresio bideak erabili zituen mobilizazioak amatatzeko. Berrizko herritarrek, merkatariek eta inguruetako langileek elkartasunez erantzun zuten

Inder enpresako borroka sindikalak hainbat ikasgai eta beste hainbat lorpen egiteko balio izan zuen arren, Oregik argi du momentu gogorrak ere bizi izan zituztela. Horren erakusgarri dira greban parte hartu zuten langileek haien barne antolamendurako erabili zituzten dokumentuetan -garai hartan era klandestinoan- jasorikoak. Agiriotan irakurri daitekeenez, patronalak "errepresioa, engainua eta xantaia" erabili zituen langileen kontra, eta banakako mezuak bidali zizkien grebalariei, "era mahatxagarrian" lanuztea bertan behera uzteko eskatzen. Horrez gainera, Matias Oregik jakinarazi duenez, "enpresak Avilako eta Zaragozako beharginak kontratatu zituen greban zeudenak ordezkatzeko. Horiek guztiak enpresaren estrategietako batzuk ziren".

Grebalariek jasandako errepresio erarik larrienetariko bat Guardia Zibilak egindako atxiloketak izan ziren. Izan ere, langileen barne antolamendurako agiriek diotenez, enpresako arduradunak "kontaktu zuzena zuen Guardia Zibilagaz, langileen izenak eman eta horiek atxilotzeko". "18 bat langile kartzelaratu gintuzten", zehaztu du Oregik. Durangora eraman gintuzten, galdeketa egitera. Neu nintzen euretariko bat, eta beste hainbat nire egoera berean zeuden. Gutariko batzuk birritan atxilotu zituzten. Etxeak erregistratu zizkiguten, etxeko artxibategiak eraman, galdeketak egin zizkiguten lankideen izen-abizenak esateko. Autore komunistei loturiko liburuez galdetzen ziguten, ETAri buruz. Eta torturatu ere egin zituzten gutariko batzuk. Aurreko batean, lankide izandako batek komentatu zidanez, Guardia Zibilak bere ume jaioberriaren sehaska miatu zuen bertan langileak antolatzeko dokumentu klandestinorik ote zegoen ikusteko", azaldu du Oregik.   

Berriztarren elkartasuna
Grebak iraun zuen 40 egunetan hainbat izan ziren berriztarrek langileei egindako keinu solidarioak. 1974ko maiatzaren 17an, Inderko greba hasi eta egun bira, udalerrian greba orokorrera deitu zuten. Hori dela eta, dendari eta enpresa ugarik ateak itxi zituzten. Itxierak Inder ondoko enpresetara eta eskualdeko beste hainbat enpresatara zabaldu ziren. Horren ondorioz, herriko merkatari bakoitzak 5.000 pezetako isuna jaso zuen. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!